Albisteak

 
Parte hartzaileentzat, konpostajeari buruzko ikastaroa egongo da zapatuan, ekainaren 6an, goizeko 11:30etan kultur etxean

Herritarren harrera ona eta interesa ikusita, hurrengo egunetan auzokonpost gune berria jarriko da martxan herrian, Usotegiko parkean hain zuzen ere. Horrez gain, etxean lorategia dutenek edo herrian ortua dutenek, autokonposta egiteko aukera izango dute. Horregaitik, datorren zapatuan, ekainaren 6an,  11:30 konpostajeari buruzko ikastaroa emango da.
Azken lau urteetan Lekeitioko Udalak izan dituen lehentasunen artean hondakinen sorkuntzaren prebentzioa dago. Hori dela eta ekimen desberdinak jarri dira abian. Horien artean aipatzekoa da, Letraukua eta San Andreseko auzokonpost guneetan, iada, 120 etxe unitate dabiltzala bere hondakinak ongarri bihurtzen. 40 famili hasi ziren Letraukuako proba pilotuan eta beraien esperientziatik beste 80 etxe animatu dira bolondres proiektura.
Orain autokonpostaren bidea ere jorratu nahi dugu, norberak bere konposta egiteko aukera emanez. Lur zati txiki bat eta mimo pitin bat besterik ez da behar. Horrela, konposta hori lorategi, baratza edota lorontzietan erabili daiteke, materia organiko hori ziklo naturalera bueltatuz, eta zabortegietara botatzen den hondakin kopurua nabarmen gutxituz. Etxean konpostatzen dutenek %40-50 gutxitzen dute hondakin sorrera.
Martxoan, konpostajea arautzeko udal ordenantza onartu zen Bildu eta EAJ_PNVren bozkekin, guzti honek funtzionamendu egokia izan dezan eta, era berean, konpost eginez beren etxeetako biohondakinak kudeatzeko prest dauden herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzeko.
Izena emateko epea zabalik dago eta dagoeneko izena eman dutenentzat konpostari buruzko hitzaldia egongo da kultur etxean zapatu honetan. Dena den, oraindik bi aukera hauetako batean izena eman ez baduzu, baina interesatuta baldin bazaude, hitzaldira hurbildu zaitezke eta bertan izena eman. Horrez gain, larunbatean hitzaldira ezin bazarete joan eta ekimen honetan parte hartu nahi baduzue, udaletxera bertaratu zaitezkete edo 94 603 41 00 telefonora deitu. Parte hartzen duzuenok konpostajea egiteko beharrezkoa den guztia jasoko duzue.
Kontutan izanda, Lekeition, azken urteetan hondakinen kudeaketan eta kontzientziazioan eman diren urratsak eta gai honek herritarren artean izan duen onarpena, espero dugu hurrengo udal-gobernuak bide honetan lan egiten jarraitzea. Izan ere, gai honen garrantzia dela eta, bere presentzia gero eta handiago da alor desberdinetako Plan eta Programetan. Horrela, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Klima Aldaketaren aurkako Euskadiko Estrategiaren 9 jomugen artean, ondorengoa aurkitzen dugu:

     6. jomuga: Hiri-hondakinen sorrera murriztea eta zero isuria lortzea trataerarik gabe. Jarduera-ildoak:
          - Hiri-hondakinen sorrera murriztea.
          - Bilketaren eta gaikako bereizketaren ratioak areagotzea eta ondoren berrerabiltzea, birziklatzea eta balorizatzea.

Gure aztarna ekologikoa murriztea, gure esku dago.