Albisteak

 

2015eko azaroak 25, emakumeen aurkako biolentzia oro baztertzen dugula ez ezik, biolentziak eragiten dituen eragile oro baztertzen dugula ere esateko eguna da, aski dela esaten jarraitzeko eguna da. Eta erakunde publikoak, borroka honetan lehentasunezko eragile izango garela berretsiz konpromiso zehatzak hartzeko eguna da. Ez dugu bakea eta normalizazioa lortuko gure herrian, emakume izateagatik biolentzia jasateko aukera bakar bat mantentzen den bitartean.

MOZIOA:

Azaroak 25a “Emakumeen aurkako biolentzia desagerrarazteko nazioarteko eguna” dela eta, Lekeitioko udal honek, emakumeek biolentzia matxista orogandik libre bizi ahalko diren bizitza espazio komunak eraiki asmoz, herri eta lurralde seguruak lortzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala oinarri izango duten bizikidetza eredu libreak errealitate egiteko, jendarte egituratze parekidea lortzeko finean, herri konpromisoa sakontzeko ardura hartzen dugu; halaber, guztion konpromiso politikoa sakontzen jarraitzeko asmoa berresten dugu.
Herritarren bizitza kolektiboa kudeatzeko ardura duen erakunde orok, lehentasunezkoa behar du izan bere agenda politikoan eta jardun instituzionalean, biolentzia matxistarik gabeko herri eta lurralde libreak eraikitzea, eta jendarte parekidea babestea.
Hego Euskal Herrian, biolentzia matxistak behera egin beharrean, 2015 urtea amaitzear dagoela, nabarmen egin du gora aurten. Ugariak ari dira izaten eraso sexistak eta erailketak ere.
Biolentzia matxistaren azken estadioek, bortxaketa, jipoitzeak eta erailketek gora egin duten moduan, hain nabarmen ikusten ez diren beste biolentzia matxistek,  eguneroko mikrobiolentziek ere, gora egin dute, eta zoritxarrez askotan herritarren artean barneratu eta normalizatuak daude. Horrela, 2015 urtean asko izan dira berriro bortxaketa saiakerak, neska eta emakumeen bizitzaren gaineko kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak, kulturalak), emakume ugarik jasan behar izan dute eguneroko jazarpenik (irainak, bazterkeriak, gutxiesteak) eta bestelako erasoak (prekarizazio laborala, enplegurik eza, zaintza lanen karga isila). Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasun  normalizatutik desagerraraztea. Jai- zein jolas-esparruetan gure askatasuna baldintzatzen duten jazarpen eta gehiegikeria sexistek hor jarraitzen dute. Halaber, kezkagarriak dira lan-esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Sexu ezberdineko pertsonen arteko botere harremanak eta gazte belaunaldien artean agertzen diren balore patriarkalak gero eta gehiago dira, eta, aldi berean, gazte askok beraien kideen aurka indarkeria erabiliz haien arteko harreman desorekatuak eraikitzen dituzte.
Jendarte eredua ezinbestean aldatu behar dugu biolentziarekin amaitu ahal izateko. Biolentzia horiek guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra, berau sostengatu, zuritu edo babestu dezakeen jardun oro alboratuz lortuko da.
Eta zeregin hau, ezinbestean hartu beharreko konpromiso hau, jendartea osatzen dugun eragile guztiok hartu behar dugu, bestela biolentzia matxista sostengatzen jarraituko dugu. Guztion ardura baita norberaren eragin esparrutik aurre egitea sor edo babes dezakeen biolentzia matxista ororekin amaitzea: erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, komunikabideak, lan esparruko eragileak, kultura eragileak, ekonomia eragileak. Baina norbanakoek, familiek, lagunarteek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere erantzukizun zuzena dute.
Biolentzia matxistari aurre egiteko moduak ere onartu eta babestu behar dira, helburua bakarra izanda borroka moduak anitzak behar baitira izan: autodefentsa feminista bide bat da, baina Beldur Barik ekimena, edo herrietako jaien testuinguruan sortu diren performance zein kale ekintzak, elkarte zein auzoetatik burutzen diren saioak, guztiak dira balekoak, guztiak babestu beharrekoak.
Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Euskal Herria feminista eta ekitatibo baten aldeko gure aldarrikapenak inoiz baino ozenago entzun behar dira, hori eraiki ezean ezinezkoa izango baitzaigu egiazko demokrazia erdiestea, honako konpromisoen bitartez:

PROPOSAMENA:

  1. Lekeitioko Udalbatzak, Emakumeen Mundu Martxak 2013. urtean onartua duen biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du.
  2. Lekeitioko Udalbatzak, Lekeitioko talde feminista, herriko ikastetxe, Ertzaintza, Osakidetza, Udaleko Emakumea eta Berdintasun batzordea, Udaltzaingoa, Lea Artibaiko amankomunazgoa eta Gizarte Zerbitzuen artean landutako biolentzia matxistei aurre egiteko “Biolentzia matxista eta sexu erasoen biktima diren emakumeen arreta hobetzeko protokoloa” epe laburrean onartu eta abian jarriko du, horretarako behar diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak aktibatuko dituelarik. Onartu bitartean, orain arte bezala, Lekeitioko Udalak Ertzaintzarekin elkarlanean eta informazioa partekatzen jarraituko du.
  3. Lekeition izan daitekeen emakumeen aurkako erasoak identifikatzeko, salatzeko eta desagerrarazteko emakume eta talde feministekin elkarlanean jarraituko da, baita herriko beste eragileekin ere.
  4. Lekeitioko Udalak Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiarekin harreman estua izango du indarkeria matxistari aurre egiteko informazio iturri garantzitsua baita.
  5. Lekeitioko Udalbatzak, izanak izena duenez, eta terminoak argitze aldera, etorkizunean “biolentzia matxista” terminoa erabiltzeari eutsiko dio, dagoeneko hedatua eta zabaldua dagoen kontzeptua baita adituen artean.
  6. Lekeitioko udalbatzak, Emakumea eta Berdintasun Saila baliabide tekniko zein ekonomikoz hornitu ez ezik, egonkortu eta indartzen joateko konpromisoa hartzen du.
  7. Lekeitioko udalbatzak, borroka feministarekin daukan konpromisoa berresten du, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko eta burujabea eraikitzeko bide eta tresna gisa.
  8. Azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzeko deia egiten diogu jendarte osoari.
  9. Mozioa Udalak dituen bitarteko ezberdinen bitartez jakinaraziko zaie herritarrei.