Albisteak

 

. Nabarmenki bisitari gehien erakartzen dituen eskualdeko herria da Lekeitio.
. Turismo eredu ezberdin bat indartu nahi izan du udal honek kulturari tiraka, estazionalitatea apurtu eta kultur eskaintza bat urte guztian zehar egonkortuz.

Azken urteetako bisitari kopuru handiena izan du Lekeitiok 2014an. Hori antzeman daiteke, turismo bulegoko kontsulta datuen igoera ikusita. 26.857 kontsulta egin dira 2014an, 2013koekin alderatuz 3.130 kontsulta gehiago. Bisitarien jatorriaren tendentzia mantendu egin da: Hego Euskal Herritik %34,38, Espainiar Estatutik %34,05 eta Atzerritik %31,57. Nabarmenki bisitari gehien erakartzen dituen eskualdeko herria da Lekeitio.

Lekeitioko Itsas Ondare Zentroaren baliabideek hainbat bisitari erakartzen dituzte, 2014an esaterako 4.509 pertsona hurbildu dira Itsasargira. Udan erakartzen ditugu bisitariak batez ere, baina udaberri eta udazkenetan ere nabaritzen da bisitarien etorrera. Turismo eredu ezberdin bat indartu nahi izan du udal honek kulturari tiraka, estazionalitatea apurtu eta kultur eskaintza bat urte guztian zehar egonkortuz. Lekeitio Kultur Kaia bihurtuz. Turismo aktiboa, kulturala, anitza eta urte osoan funtziona dezakeena. Gure inguru paregabeak erakartzen duen turismo eredu klasikoa osagarritu eta askoz haratago joan daitekeena. Ondareari lotuta, adierazpen artistikoen inguruan eraikita edo ospakizun tradizionalen inguruan antolatutakoa: Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia, Euskal Zine Bilera, San Pedroak edota Iparraldeko Haizeak herri honetako zarata kulturalaren adierazpenak dira.