Albisteak

 

2005. urtera arte Abaroa jauregia Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zerrenden arabera udalerri mailan babestua izateko eraikina proposatuta zegoen. 2005ean aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoko Zerbitzuak, zerbitzuko arkitektoek egindako txosten bat oinarri hartuta, hauxe eskatu zuen: jauregia Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea, halere, beharrezko ikusten zuten eraikinaren ikerketa sakonago bat egitea. Proposamen horren arabera, bada, Abaroa jauregia udalerri mailan babesteko eraikina izatetik Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko proposamena edukitzera pasatu zen.

Udalak garrantzitsu deritzo Abaroa jauregia Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeari, eraikinak babes handiagoa izateaz gain, diru-laguntzetara jotzeko aukera handiagoak izango dituelako. Horregatik, bada, 2012. urtean Ondare Lantaldearen eskutik lehen pausuak eman ziren, ikerketa bat abiarazteko. Eta Arkitektura Garaikidearen Historian aditua den Gorka Perez de la Peña Oleagari eskatu zitzaion eraikinaren gaineko ikerlana. Ikerketa horretan jauregiaren historia erakusten da, baita eraikinaren balioa ulertzeko gakoak ere.

Behin ikerlana aztertuta, udala Eusko Jaurlaritzara zuzendu berri da ondokoa eskatzera: dagokion espedienteari hasiera ematea eta Lekeitioko Abaroa jauregia lehenbailehen Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea.

2013ko Ondarearen Europako Jardunaldiak
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak antolatuta, asteburu honetako larunbat eta igandean bisita gidatuak egingo dira Abaroa jauregira. Jauregiaz momentu honetan gehien dakien adituarekin egingo dira bisitok, Gorka Perez de la Peña Oleagarekin hain zuzen ere. Hori horrela, bisita biak gazteleraz izango dira. Izenak ematean, arrakasta handia izan dute jardunaldiok, 70 lagunentzako lekua bete baita jada.

Abaroa Jauregiaren inguruko datuak

Abaroa jauregia Jose Maria Abaroa Abaroak eraiki zuen XIX. mendean (1891-1895). Parisen bizi zen bankari lekeitiarrak udaldietarako eraiki zuen jauregia, udaldia Lekeition pasatzea XIX. mendeko erdialdetik garatzen zuen jarduera baitzen.
1940an Eibarreko Ama Agustindarrek erosi zuten jauregia erlijio-ordenaren komentu izateko, eta hala izan zen 2004an Lekeitioko Udalak erosi zuen arte.
Lekeitioko Udalak zaharberritu nahi du M. Feine arkitekto frantziarrak diseinatutako jauregia, eta erabilera publikoa eman. Feine Frantziako arkitekto ospetsua izan zen XIX. mendearen 2. erdialdean.