Albisteak

 

ADIERAZPENA

Lgtbq+ Kolektiboaren Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna

 

 

Gaur, ekainaren 28an pertsona gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen nazioarteko harrotasunaren eta eskubideen defentsaren eguna ospatzen da, orain dela 50 urte aldarrikatzen den eguna, 1969an Stonewall-en (New York) gertaturiko gatazken ondorioz.

 

Urteotan Euskal Herrian eta baita inguruko beste herrialde batzuetan ere LGTBIQ+ eskubideetan aurrerapausoak egin direla ikusi ahal izan dugu. Hala ere, kasu askotan eskubide horien onarpena ez da onarpen formal hori baino harago joan, eta zoritxarrez, batzuetan aitortza hori ez da nahikoa komunitate honen eskubideak benetan errespetatuak izateko.

LGTBI+ komunitateak gaur egun oraindik bere izaera sexuala larritasunez bizi du askotan, gizartean etengabe azaleratzen diren jarrera diskriminatzaile eta iraingarrien ondorioz. Hori dela eta, gaurko egunean badaude arrazoiak borrokan jarraitzeko, zeren homo-trans-bifobia indartsu baitabil hainbat esparruetan.

Ekainaren 28ko egun honetan, Lekeitioko Udalak argi dauka borroka bizirik mantentzen dela, eta arrazoiak soberan daudela LGTBIQ+ kolektiboko kideen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri eta kaleetan, ikastetxeetan, familian zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian.

 

Aniztasun sexualaren aldeko borroka guztiona eta egunerokoa da, diskriminazio egoeren aurrean jarrera aktiboa izan, ez onartu!

 

Lekeition, 2019ko ekainaren 28an