Albisteak

 

Lekeitioko Udalak aurtengo jaien inguruko erabakia hartu du gaur ospatutako Osoko Bilkuran

Aurtengo Antzar eguna bertan behera geratuko da segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa delako.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz, krisi egoera larria sortu da arlo askotan, besteak beste, herrietako jaietan. Jadanik asko dira bertan behera geratu diren herrietako jaiak. Kultura eta kirolaren kasuan ere ondorioak handiak izan dira. Alarma egoera ezarri zenetik, zailtasunak handiak dira herrietako jaiak eta kultur eta kirol ekintzak antolatzeko orduan. Uda sasoian ospatu behar ziren hainbat ekitaldi bertan behera utzi dira Lekeition, eta herriko jaiak, San Pedro eta San Antolinak ez dira betiko eran egingo. Ez behintzat, guztiok ospatzen dugun formatuan. Izan ere, COVID-19ak sortu duen egoerara moldatu behar izango dira ospakizun eta kirol eta kultur ekitaldi guztiak, San Pedroetatik hasi eta San Antolin jaietaraino.

Egoerak hala behartuta, beraz, aurten Lekeitioko jaiak  ez dira betiko moduan antolatuko. Jarraitu beharreko osasun eta segurtasun neurriek ez dute aukerarik ematen. Hala ere, Jai Batzordeak aukera ezberdinak aztertzen jarraitzen du egoera berrira egokitutako ekintzak aurrera eraman ahal izateko.

Hori horrela, ikusita alde batetik Antzar Jaiak ezin dituela segurtasun neurriak bete eta, bestetik, egoera hau Antzar Batzorde, Jai Batzorde eta Lekeitioko Kofradiarekin kontrastatu eta beraien iritzia adierazi ondoren, Lekeitioko Udalak, aurten Antzar egunik ez antolatzea eta Antzar jokoa 2021eko irailaren 5eko 16:00etan ospatzea proposatzen du.

Pena handiz hartutako erabakia da hau. Izan ere, aurten, 50 urte igaro ondoren, berriz ere zapatuan egitekoa zen Antzar Jaia, azkeneko aldia 1970ean izan baitzen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako segurtasun eta larrialdiko arduradunen, 112a, Ertzaintza eta Osakidetzaren babesa jaso zen eta irailaren 5ean mantentzea erabaki zen. Erronka handia baina polita izango zen. Zoritxarrez eta, osasun larrialdiak bultzatuta, aurten ezingo da Antzar Jaia ospatu.

Aurtengo udan antolatuko diren gainontzeko kultur eta kirol jarduerak antolatzerakoan ere oso kontuan izango dira segurtasun neurriak betetzea. Segurtasun irizpide eta guneak zehaztuko dira jarduera hauek egoki antolatzeko helburuarekin. Osasun egoeraren arabera neurriak aldatu ahalko dira, beti ere publikoaren eta parte hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko asmoz.

Ekintza guzti hauek egiteko nahitaezkoa izango da bertan parte hartzen duten guztiek segurtasun neurriak errespetatzea. Eta noski, Osasun sailetik zehaztutako eta COVID19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, arduraz jokatu eta ez etortzea eskatzen da eta osasun zentroarekin harremanetan jartzea.

Ezin ahaztu COVID19aren ondorioz joan diren pertsona guztiak, beraien senideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta lehen lerroan egon diren eta dauden profesional guztiei gure eskerrik beroena eman, asko zor diegulako.

Udal honek erantzukizunez jokatzen jarraituko du, gure konpromisoa sendoa eta argia baitda pandemia hau geldiarazteko.

Denok batera lortuko dugu!!