Albisteak

 

183 aparkaleku gehiago izango dituzte lekittarrek araututako aparkamendu sisteman aurtengo udan

Guztira 553 aparkaleku arautuko dira herritarrentzat aurten
Iaz txartela eskatu zuten pertsona eta enpresek ez dute aurten tramitazioa egin beharko

Aurtengo udan ere, aurreko urteetan izandako harrera ona kontuan izanda, herritarrentzako prestatutako aparkaleku zerbitzua martxan jarriko du Lekeitioko Udalak.

Udaldian udalerritik kanpo lan egiten duten herritarrek herrira bueltatzean euren autoa aparkatzeko aukera gehiago izatea du helburu egitasmo honek. Lekeitioko bizilagunetatik gain, herrian enpresa bat dutenek edo bertan lan egiten dutenek ere aparkaleku zerbitzuaren onuradun izateko txartela eskatu ahalko dute.

Ekainaren 1tik irailaren 30era bitartean, egun horiek barne, bereziki herritarrek erabiltzeko aparkaleku guneak zehaztuko ditu udalak. Astelehenetik barikura 14:30etik 21:30etara herritarrek aparkatu ahalko dute soilik zehaztutako gune horietan. 

 

Lehentasun hori izateko, baina, baldintza batzuk bete beharko dira, eta aparkatzea baimentzen duen txartel bat eskatu behar da herriko Turismo Bulegoan. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da maiatzaren 7tik 31ra bitartean, martitzenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Hortik aurrera Udaletxean bertan egin ahalko da izen ematea abuztuaren 30era arte. Eskaera hori online ere egin ahal izango da, gero turismo bulegoan aurkeztuz dokumentazioa osoa.

Herritarrentzako araututako aparkalekuak erabiltzeko baimenaren eskaera: Hemen

Bestalde, iaz txartela eskatu zuten pertsona eta enpresek ez dute aurten tramitazioa egin beharko, izan ere, 2018-2019 urteetarako balioa du txartel honek. Alta berria egingo dutenak bakarrik etorri beharko dira txartela ateratzera. Honen prezioa 3 eurokoa izango da.

Guneak.
Sei izango dira Lekeitioko Udalak aparkaleku zerbitzu berezia eskaintzeko egokituko dituen guneak, aurten gune berri bat sortuko da portuan eta beste guneetako batzuk handitu egingo dira, hauetan guztira 553 aparkaleku egongo dira, iaz baino 183 gehiago eta hurrengo hauek izango dira: Paskual Abaroa etorbidea 26-bisetik Talara, eta San Juan Talako; San Andres, Eusebio Maria de Azkue, Pietate, San Bixente Ferrer eta Basoaldea; Zumatzeta, Buenaventura Zapirain, Otxoa de Urkiza eta Agirre Solarte 1etik 17ra; Aldamiz Etxebarria 22, 24 eta 26 eta Letraukua 8 eta 9; San Antolin eta Carlos Solano kaleak osorik; Txatxo Kaia kalean plaza eta portuaren arteko gunean.