Albisteak

 

Lea Artibaiko Mankomunitateak hondakinen tratamenduari buruz hasi zuen hausnarketaren ildotik, Lekeitioko Udalak, bilketa eredua definitzeaz gain, beste urrats batzuk emateko konpromisoa erakutsi zuen. Hori dela eta, materia organikoa banatuta jaso eta tratatzeko aukera emango duen auzo-konpost gunea zabalduko du.

Auzo-konposta herritarren artean lur publikoan egiten den konposta komunitarioa da. Konposta egiteak esan nahi du sukaldeko eta baratzeko hondakin organikoak ongarri bihurtzea. Horrela, lorategirako, baratzerako, erosioa kontrolatzeko edo pasaia edo erretako lurrak berreskuratzeko erabili daiteke.

Letraukuako eremua izango da Lekeitioko lehen gunea eta apirilaren 12an zabalduko da. Proposamen horren berri diptiko baten bitartez jasoko dute auzo-lagunek. Horrez gain, auzo batzarra egingo da Harbiatxeko enparantzan martxoaren 26an arratsaldeko 19:00etan, proiektu honen nondik norakoak azaltzeko eta herritarrek dituzten zalantzak argitzeko.

Oraingoa, proiektu pilotua izango da eta 40 familiarentzat aurreikusita dago. Dena den, urtean zehar puntu gehiago zabalduko dira eta herritar gehiagok izango dute aukera konposta egiteko.

Proiektu hau martxan jartzeko, lehen-lehenik konposta egiteko prest dauden herritarrak ezagutu behar ditugu. Horregatik martxoaren 17tik apirilaren 4ra izena emateko epea egongo da zabalik proiektu honetan parte hartu nahi duten herritarrentzako. Apuntatzeko udaletxera etor zaitezkete, telefonoz (94 603 41 00) deitu edo ingurumena@lekeitio.com helbidera idatzi; edota arratsaldez, kultur etxetik pasa. Behar ditugun datuak ondorengoak dira: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, etxean zenbat pertsona bizi zareten eta kontakturako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Horretaz gain, gai honen inguruan sortutako edozein zalantza argitzeko udalera hurbiltzeko edo ingurumena@lekeitio.com-era idazteko gonbitea egiten diegu herritarrei.

Zerrenda osatutakoan, konpostari buruzko formazioa jasoko dute parte hartuko duten herritarrek. Behin konposta egiteko zehaztasun guztiak ezagututa, giltzak banatuko dira eta herritarrak materia organikoa bereizita jasotzen eta konposta egiten hasiko dira.

Udalak uste du, birziklapena eta konposta bultzatuz, hondakinek eragiten duten kaltea murriztea lortuko dela, baina horretarako beharrezkoa da guztion ahalegina eta bide horretan herritarrak konposta egitera animatzen ditugu.