Albisteak

 

"Bertatik Bertara" kanpaina abiaraziko dute UEMAk eta Lekeitioko Udalak

COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, UEMAk, udalek eta hainbat eragilek bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta. Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe.

“Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere” dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehen hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak.

Kanpainarekin bat egin duten udalek banatuko diete material guztia merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, herritarrengana eta bisitariengana heltzeko bitartekari ezin egokiagoak direlakoan. Horrekin batera helduko da udaren atarian hedabideetan egingo den komunikazio kanpaina ere, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzeko online saioekin batera.