Albisteak

 

Aurreko ekainaren 13an eratu zen Lekeitioko udalbatzar berria, maiatzaren 24ko hauteskundeen ondotik sortua, eta Koldo Goitiak, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) hautagaitzako zerrendaburuak, hartu zuen alkatearen aginte-makila. Maitane Larrauri EH Bilduko aurreko alkatearen eskutik jaso zuen Goitiak makila.

Udalbatza berria EAJ-PNV alderdiko zazpi ordezkarik (Koldo Goitia alkateaz gain, Amaia Antxustegi, Idoia Sagastizabal, Oier Zuberogoitia, Mertxe Arrizubieta Josu Itza eta Abel Iriondo), eta EH Bildu alderdiko seik (Jon Andoni Seijo, Edriga Aranburu, Miren Terese Aboitiz, Xabier Arrate, Myriam Etxebarrieta eta Ainhoa Lopez) osatu dute.

Alkate berria, Lekeition bertan 1968ko irailean jaioa, Turismoko Enpresa eta Jardueren teknikaria da prestakuntzaz; Deustuko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Aisialdiaren Kudeaketarako Masterra osatu zuen gerora unibertsitate berean. Lehen sektorean eta horri loturiko jardueretan egin izan du beti lan, landa-inguruneari eta arrantzari estu loturik; izan ere, Euskal Herriko bi esparru bereizgarri horietan osatu du ibilbide profesionala.

Hala, Turismo Sustapen eta Garapenerako teknikari lanetan jardun zuen Gorbeialde Landa Garapeneko Elkartean. Arratia-Nerbioi eskualdeko udalek eta beste elkarte batzuek sorturiko erakundea da Gorbeialde, eta landa-inguruneko herritarren bizi-baldintzak hobetzen eta haiei zerbitzuak ematen aritzen da lanean. Ondoren, antzeko beste lanpostu bat bete zuen Itsasmendikoi erakundean, nekazaritza eta arrantza esparruetan prestakuntza emateko euskal zentroan; hain zuzen, Arabako lurralde historikoan jardun zuen beharrean. 2007. urteaz geroztik, berriz, arrantza-eremuetako itsasertzeko garapen-teknikari lanetan jardun du, eta aurreko udalbatzan (2011-2015) EAJko udal taldeko zinegotzi moduan udalean eginiko lanarekin uztartu du zeregin hori.