Albisteak

 

DIRU-LAGUNTZEN BIGARREN DEIALDIA: COVID-19 DELA ETA ITXITA EDO GALERAK IZAN DITUZTEN NEGOZIOEI ZUZENDUTAKO

Eskaerak: Uztailaren 2tik 10era

Berriro ere, Lekeitioko Udalak, COVID-19ak galera handiak sortu dituen negozioei bideratutako diru-laguntzen deialdia irekiko du. Negozio hauetako askok itxi egin behar izan dute alarma egoerak iraun bitartean edota fakturazioa zeharo jaitsi zaielako. Negozio hauei laguntza emateko, Udalak, 100.000 euroko partida bat sortu zuen diru-laguntza zuzenetara bideratuta.
Aurreko deialdian 150 negoziok egin zuten eskaera eta oraingo deialdian zuzenean igoko zaie jaso ahal duten diru kopurua 550 euro gehienez, eskaera berria egiteko beharrik gabe.

Aurreko deialdian eskaera egin ez zuten negozioek berriz aukera izango dute orain.

Martxoaren 15 eta maiatzaren 10a bitartean alarma egoeraren deklarazioagatik itxita egotera derrigortuta egon direnek edota haien fakturazioa %75 baino gehiago murriztu duten negozioek, gehienez ere, 550 euro jaso ahal izango dituzte.

Maiatzaren 11tik aurrera itxita egon diren negozioek 68,75 euro jaso ahalko dituzte gehienez ere aste bakoitzeko.

Lekeitioko ostalari, merkatari edo autonomoa bazara edo mikroenpresa bat baduzu, diru-laguntzak jasotzeko aukera izango duzu uztailaren 2tik 10era bitartean, Leartibai Garapen Agentziaren bidez. Horretarako Leartibai Garapen Agentziak Sabino Arana 14an duen bulegora hurbilduz edo leartibai@leartibai.com helbide elektronikoaren bitartez dokumentazioa aurkeztuz.

Bestalde, martxoaren 15 eta maiatzaren 10a bitartean derrigorrezko itxiera izan zuten negozioei, Lekeitioko udalak ez dizkie kobratuko hainbat udal tasa, besteak beste, estolderia eta zabor tasak ( hiru hilabeteko tasa ), udal eraikinetan dauden negozioen alokairuak edo terrazen lizentziak eta toldoen lizentziak. Kontzeptu guzti hauetatik, Udalak, 31.000 euro inguru gutxiago jasoko du aurten.

Era berean, gogoratu Leartibai Garapen Agentziak aholkularitza eskaintzen duela bizi dugun egoera honetan arazoak dituzten establezimendu eta negozioek jaso ditzaketen laguntzak lortzeko. Ez galdu aukera, eman bultzada bat zure enpresari!