Albisteak

 

Iritsi da zapatu-domeka goizaldean izandako Itsaso denboralearen ondorioak neurtzeko ordua. Ordezkari politikoak eta sail desberdinetako arduradunak, bai atzo bai gaur goizean, udaletxean batu dira kalteak identifikatzeko eta zenbaterainokoak diren aztertzeko.
 
Denboraleak kalte ezberdinak sortu ditu, hala ere San Juan Talakoko eremua da gehien arduratzen gaituena. Bertan lurzorua arrakalatuta dago; izan ere, asfaltoa eta bertan zeuden kotxeak gora eta behera mugitzen ziren domeka goizaldean olatuak jotzen zuen bakoitzean. Segurtasun neurriak hartu ditugu eta eremu hori itxita mantenduko dugu teknikariek gertatutakoa eta arrisku maila zehaztu arte. Dagoeneko jarri gara harremanetan Garraioak Sailburuordetzako Portuak eta Aireportuak Sailarekin, Kostaldeak eta Itsas Ingurune Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako Uren Agentziarekin. Guztion artean neurririk egokienak hartzeko bideak aztertzen gabiltza.

Datozen egunetan San Juan Talakoko auzokoak bilera batetara deituko ditugu kalteen berri zuzenean emateko eta hartu ditugun segurtasun neurriak azaltzeko. Teknikariek egun hauetan eremua bisitatuko dute, segurtasuna bermatuta dagoela ziurtatzeko.

Honakoak dira jaso ditugun beste kalte batzuk:

  • Itsasoak Abadeen moilako 3 arketen tapak eraman ditu eta muturra arrakalatuta dago goialdean.
  • Hondartza sarrerako baranda apurtuta dago, eta dutxetako tutua aske.
  • Hondartza sarrerako komunetan segurtasun neurriak hartu zirenez, nahiko ondo eutsi diote ekaitzari. Hala ere, ura eta hondar pixka sartu da.
  • Talako eskaileretan, gurutzea dagoen lekutik heliportura bajatzeko, harmaila bateko harriak eremu guztian zehar barreiatu ditu, eta barandak hautsi.
  • Isuntza Arraun Elkartearen sozietateko kristalak hautsi dira, eta ura barrura sartu.
  • Club de Pescako leihoak apurtu ditu, barruan aurkitzen zen guztia berarekin eramanez. Plater zatiak talan agertu dira.
  • Talako lurzorua, Club de pescaren gainekoa, zatitu egin du.
  • Tronera bat hautsi da.
  • Marierrota museoan lurzorua altxatuta dago, kristalak mugituta eta oholak solte. Komuna eta biltegian ura sartu da.
  • Portuko komertzio eta taberna batzuetan ura sartu da.
  • 1912ko Galarrenaren omenezko ikurra txikitu du denboraleak.