Albisteak

 

Lekeition lan egin nahi duten ekintzaileei bidea errazta aldera, herriko lokal hutsen zerrenda egiten hasi gara Lea Artibaiko garapen agentziaren eta udalaren artean. Helburua lokalen beharrezko informazioa jasota izango duen inbentario bat egitea da, hala nola, lokalaren tamaina edota jabearen kontaktua eta horrela Lekeition jarduera ekonomiko bat hasteko erraztasunak ematea da.

Asko dira, Lekeition lan egin nahi duten pertsonak. Azken 5 urteetan Lekeitioko Udala eta Leartibai Garapen Agentziak lagunduta  43 enpresa berri jarri dira martxan Lekeition eta hauetatik 54 lanpostu sortu dira. Aurten aldiz, Lekeitioko Udala eta Leartibai Garapen Agentziak lagunduta 11 jarduera ekonomiko altan eman dira eta beste 8 proposamen lantzen gabiltza. Tamalez, arrazoi ezberdinengatik 8 jarduera ekonomiko bertan behera gelditu dira.

Kontua da, Lekeition jarduera ekonomiko bat martxan jarri nahi duten pertsonek informazio falta handia dutela, eskuragarri dauden lokalen inguruan eta horrek atzera botatzen dituela asko. Ekintzaile hauei bidea errazte aldera, dagoeneko aktibitate ekonomikoa eduki eta gaur egun itxita dauden 93  lokal zerrendatu ditugu. Orain, lokal  itxi  hauen jabeekin harremanetan jartzen hasi gara, proiektuaren berri eman eta beraien lokalen  informazioa jasotzeko. Behin zerrenda eginda, interesatuak udalera jo ahal izango dute informazio eske. Proiektu honekin herriko jarduera ekonomikoa bultzatu nahi dugu, alde batetik Lekeition lan eta bizi egin nahi dutenak babestuz eta bestetik kaleen bizitasun komertziala berreskuratzeko pausuak emanez.

Herrian zehar dauden lokalez gain, Plaza Merkatuan bertan ere 7 salmenta postu libre daude ekintzaileentzat. Beheko solairuan, postuaren tamainaren arabera 44,90 eurotatik 89,92 eurotara balio du  postu (denda) jartzea hilabetean. Ekoizleentzat aldiz, goiko pisuan, 0.95 euro balio du mahai erdia hartzea egunean edota 5.70 euro hilabetean.

Lokal hutsen inguruko informazio gehiago jasotzeko edota  merkatu plazako postuen berri jasotzeko  Udaleko Garapen  Ekonomikoko Sailarekin jarri beharko da harremanetan  Sabino Arana kaleko 14. zenbakira hurbilduz,  94 603 41 11  telefonora deituaz  edota xgabiola@leartibai.com-era  idatziz.