Albisteak

 

Lekeitioko herria osatzen dugun bizilagunen artean jatorri aniztasuna dago. Herria hainbat herrialde ezberdinetako jatorria duten pertsonek osatzen dute eta aberastasun horri fruitua atera asmoz Lekeitioko Udalak 2015eko urrian, elkarbizitzarako egitasmo parte-hartzailea jarri zuen martxan.

Egitasmo horretatik lekeitiarrak eta atzerritarrak osatutako lan talde bat sortu zen eta hainbat ekintza antolatzen ditu besteak beste "Bizilagun programa", oinarrizko zerbitzuei buruzko informazio triptikoa 6 hizkuntzatan, txutxumutxuak desmontatzeko sketxak etab.

Lan taldea hileko azken ostegunetan batzen da 18:30etan Udaletxean eta zabalik dago ekarpenak egin nahi dituen herritar orori. Lan taldeak atzerritarren harrera eta informazio gune bat izateko helburua ere badu.

Lantalde hau ezagutzera emateko, gaur goizean, urriaren 18an, prentsa aurrekoa egin da eta bide batez, Bizilagunak 2017 ekimenerako izenemate epea ireki dela jakinarazi.

Lekeition bigarren urtez ekimen hau egitera  dator taldea, ekimenak oso elkargune berezia osatuko baitu atzerritarren eta bertakoen arteko ezagutza sustatzeko eta haien arteko bizikidetza baldintzatzen duten aurreiritziak gainditzeko.
 
Helburua, azaroan zehar  igandetan, bazkalorduan, bi familia,  bietako baten etxean bazkaltzeko elkartzea da.
 
Bazkari bakoitzean, familiez gain dinamizatzaile batek parte hartuko du, antolaketan laguntzeko. Bizilagunak ekimenak harreman berriak egiten lagundu dezake, lagunak egiten bertakoen eta Lekeition bizitoki berri bat topatu dutenen artean.
 
Ostera ere, guztien partehartzea sustatuko da, berdintasunean. Egunerokotik modu apalean abiatuta, Bizilagunak gizarte eraldaketarako tresna izan nahi du, gure herri eta hiriak elkarbizitzarako gune izan daitezen.
 
Nabarmendu beharra dago jende askorentzat bazkari hauen antolaketa zubiak eraikitzea dela eta baita baikorki aktibatzeko modua ere. Nahiz eta jende askok hurbiltzea buruan izan, askotan ez da aukerarik edota leku egokirik aurkitzen. Bizilagunak ekimen honek aniztasunaren aldeko jarrera duen gizarte ehun hori bizkortzen errazten du. Bizilagunak gizartearen parte den jarrera hori ikusarazteko balio du.
 
Izenemateak: agurtzane-ongintza@lekeitio.eus / Lekeitioko Udaleko bulego orokorretan.

Izena emateko epea:  urriaren  31ra arte.