Albisteak

 

Lekeitioko Udalak, Potxuak Martxan emakume taldearekin batera, hainbat ekintza prestatu ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta.

Azaroaren 23an, larunbata, Nagore film dokumentala proiektatuko da Kultur Etxean. 2008ko San Ferminetan eraildako Nagore Laffage gaztearen gainean Helena Taberna zine-zuzendariak egindako filma dugu hau. Potxuak Martxan taldeak dinamizatuko du ondoren zineforuma.

Azaroaren 25erako, aldiz, elkarretaratzera deitu du Potxuak Martxan emakume taldeak eta udala atxiki egin da. Eskolapean izango da 19:00etan “Emakumeenganako indarkeriari ez” lemapean eta herritarrak hurbiltzera deitzen du udalak. Egun horretan kalera irten behar gara, eta emakume guztiok mota guztietako indarkeria matxistatik aske izan arteko bidea egiten jarraituko dugula azaldu.

Azkenik, azaroaren 28an, Lekeitioko puntu beltzen berrikuspena egiteko ibilbide bat antolatu da udaletxe aurrean arratsaldeko 19:00etan. Ekintza honen bidez 2008. urtean egin zen hiri debekatuaren mapa berrikusi nahi da, puntu ez seguruak identifikatzeko eta behar diren hobekuntzak proposatzeko. Arrazoi ezberdinengatik beldurra eragiten duten guneak identifikatu nahi dira guztion parte hartzearekin.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” dela-eta, Lekeitioko Udalak azpimarratu nahi du alor horretan behar-beharrezkoa dela politikari eta herritarren adostasunean eta konpromisoan sakontzea. Batera bizitzeko guneak sortu behar dira, non emakumeek, azkenean, indarkeria matxistatik aske bizitzeko aukera izango duten. Gure ustez premiazkoa da helburu horrek lehentasunezko eta etengabeko tokia izatea bizitza kolektiboa antolatu eta kudeatzeko ardura duen edozein erakunde publikoren agenda politikoan.

Indarkeria matxistak askotariko aurpegi eta adierazpenak dauzka, eta emakume guztiei eragiten die bizitza osoan zehar. Indarkeria matxista etxeetan nozitzen dute emakumeek, baina baita eremu publikoetan ere, mota eta intentsitate desberdineko hainbat portaera matxista eta bortitzen bitartez.

Ikuspegi horretatik begiratuta, eraso matxistak ez dira gizon gutxi batzuen jokabide soilak, emakumeen eta gizonen elkarrekiko bizitza antolatzeko eraikitako eredu baten parte baizik. Emakumeei denbora kentzean eta emakumeen gorputza, afektuak eta lana gizonen zerbitzuan jartzean oinarritzen da. Eredu horrek berez legitimatzen du egoera hau, emakume eta gizonen arteko desberdintasunei esker.

Ikuspegi horretatik, emakumeok indarkeria matxistatik aske bizitzea bermatzeko, gure lana eta gure estrategiak honako hauetan oinarritu behar dira:

    - Emakume eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunari heltzea, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako funtsezko ardatzetako bat den heinean. Egiturazko indarkeria horri aurre egiteko neurri asistentzial, juridiko eta polizialak soilik erabiltzen baditugu, ordea, ez dugu aurrera egingo.

- Indarkeriaren askotariko adierazpen eta toki ugarietara hedatzea gure begirada. Tratu txarrak eta sexu-erasoak indarkeria dira, bai, baina espazio publikoan gertatzen dena ere indarkeria da.

- Kultura-adierazpen eta -fenomeno diskriminatzaileen aurka borrokatzea.

- Emakumeek eta gizonek nola jardun behar duten arautzen duten arau sozialak urratzen dituzten taldeen aurkako bestelako indarkeria matxistak —hala nola transfobia, lesbofobia edo homofobia— ikusaraztea, prebenitzea eta indarkeria horri erantzutea.
- Indarkeria matxistan duten protagonismoari buruz gogoeta egitera bultzatzea gizonezkoak
Horregatik guztiagatik, udal honek honako konpromiso hauek hartu ditu:

-. Ahal den heinean berdintasun-politikak garatzeko baliabideak (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak) urtetik urtera indartzea.

-. Parte-hartzean oinarritutako prozesuak abian jartzea edo bultzatzen jarraitzea, jai-giroko erritu sinbolikoetan eta eremu soziokultural guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

-. Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzea eta/edo baliabideekin indartzea: ahalduntzeko eskolak, emakume-etxeak eta haiek sarean antolatzea. Hau da, emakumeei bultzada ematea, banaka zein taldeka, desberdintasunei, kalteberatasunari eta indarkeria matxistari aurre egiteko behar dituzten tresnak eskura eduki ditzaten.

-. Beste udalerri batzuekin elkarlanean hastea edo parte hartzen jarraitzea sare-programen bitartez abian jarritako eremu kolektiboetan, Indarkeria prebenitzeko jardunak garatzeko, gizonekiko elkarlana bultzatzeko, adierazpen honetan adierazitakoaren ildo beretik, eta ahalduntzeko eskolak abian jartzeko .

-. Emakume gazteen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartzeko erakunde arteko lan-prozesuak (Beldur barik programa adibidez) baliabide tekniko eta ekonomikoekin sendotzea.

-. Lan kolektiboa abian jartzea eta/edo indartzen jarraitzea, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko koordinazio-protokolo lokal edo mankomunatuen esparruan.

-. Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakume eta taldeentzako tokiko arreta-zerbitzuak eratzea edo birdefinitzea, indarkeria-adierazpen desberdinei eta indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeen premia eta interes desberdinei erantzuteko.

Azkenik, mugimendu feministak egun horretarako antolatutako jarduera eta mobilizazio guztiekin bat egiteko deia egin nahi dugu.