Albisteak

 

Lekeitioko zinea herritarra da zentzu askotan. 2013ko irailean udalak zinearen jabea den elizarekin alokairu hitzarmena egin eta 2014ko maiatzean zinezale elkarteak bere ibilbidea hasi zuenetik, zine aretoa herritarrez beteta egon da astetik astera. Abenduaren 26an egingo duten batzar orokorrean (kultur etxean arratsaldeko 19:00etan) bere ibilbide laburraren balorazioa egingo dute. Guztira 9491 ikusle izan dira azarora arte jasotako datuen arabera.

Baina ez da soilik herritarra antolakuntzan eta partehartzean. Orain, entzumen urritasuna duten pertsonen inklusibotasuna bilatzen duen hobekuntza eramango dute aurrera zine aretoa,. BBk ren laguntzaz audio-frekuentziazko indukzio sistema berri bat ipiniko da aretoan.  Sistema hau bakarra da Lea-Artibaiko eskualdeko zine aretoetan eta gutxienetako bat Bizkaian. Berrikuntza honen helburua hauxe da; ondo entzuten ez duten pertsonek zinea ondo entzuten dutenen bestean jarraitzea, zineaz gozatzeko aukera berdinak izan ditzaten. Horrela, gainera, berreskuratuko ahal izango dute aspaldi izan bide zuten zinezaletasuna. Entzuteko arazoak ez bitez izan, aurrerantzean, zinera ez joateko arrazoia. Lekeitioko Udaletik, begi onez ikusi dugu aretoaren hobekuntza hau, pertsonen desberdintasun egoerak gainditzen laguntzen dituelako.

Ezaugarri Teknikoak

Lekeitioko Ikusgarri zine aretoa audio-frekuentziazko indukzio sistema batez (indukzio magnetikoko begizta)  hornituko da. Sistema honen bidez, entzumen urritasuna duten pertsonek kalitate handiko soinua jaso ahal izango dute aretoan, eta esaten den guztia ulertu  euren audiofonoak “T” posizioan jarrita. Berri pozgarria, zalantzarik gabe, entzumen arazoengatik zineaz gozatu ezinda dabilen edonorentzat. Begizta  hau IEC 60118-4:2006 (UNE-EN 60118-4:2007) araudiaren arabera instalatuko da.Instalazioa Elgoibarreko AUDIOSKAN enpresak egingo du. Enpresaren egoitza: Pedro Muguruza etorbidea, 85, 14. biltegia, Elgoibar (Gipuzkoa), Tfno: 94374602.  Audioskan-ek 16 urte daramatza ikus-entzunezkoen instalazioetan: soinua, iluminazioa, bideo-proiekzioak, kudeaketa informatikoa.