Albisteak

 

Lekeitio euskararen arnasgunea dela diogu. “Arnasgunea” soziolinguistikan gero eta gehiago erabiltzen den kontzeptua da. Eguneroko bizitzan euskara nagusi den espazioak edo guneak dira. Espazio soziofuntzionalak (familia, ikastetxea, lantokia…) edo espazio geografikoak (herriak..) izan daitezke. Normalizazio prozesuaren gakoetako bat euskararentzat espazio horiek eskuratzea da. Arnasgune geografikoen artean UEMAko herriak daude. Herri hauetan euskaldun kontzentrazio handia izanik (biztanleen % 70etik gora), euskara modu naturalean transmititzen da eta euskara lasai hitz egin dezakegu. Hala ere, azken aldian kezka sortu da herri horietako euskararen egoerarekin.

Hori horrela, arnasguneek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantziaren jabe izanik eta, aldi berean, gune geografiko euskaldunetan detektatu den distentsio eta kontzientziazio faltak sortutako kezkaz oharturik, horietan eragiteko asmoz, arnasguneen tailerrak diseinatu dituzte Kontseiluak, Bertsozaleen Elkartea, EHE, EMUN, TOPAGUNEA eta UEMAk.
 
Tailer horiek bi saiotan banatzen dira. Lehen saioan arnasguneei buruzko lanketa egiten da, bideo baten bidez zer diren eta duten garrantzia aditzera emanez (http://vimeo.com/53675199). Hori ikusita, parte hartzaileek egunerokoan euskaraz bizitzeko oztopoak identifikatu eta horiek gainditzeko herri mailako dinamika bat abiatzeko lehen urratsa ematen da. Bigarren saioan, normalizazio prozesuetan giltzarri diren elementuen aurkezpena egiten da, baita herri mailan eragiteko aintzat hartzeko esparruak definitu. Ariketa hori eginda, lehen saioan identifikatu ziren hutsuneak gainditzeko parte hartzaileen arteko ekimen lan bateratua bideratzen hasten da, denborarekin eragile aktibo taldea sortu nahian. 

Bi tailer izango dira bada Lekeition. Lehena, astebarruan, asteazkenetan, martxoaren 12an eta 19an, 18:00etatik 20:00ra. Bigarrena, asteburuetan, martxoaren 15ean eta 22an, goizez 11:00 eta 13:00etara. Biak Kultur Etxean burutuko dira. Lekeitio, euskararen arnasgunea denez, beharrezkoa dugu euskaraz bizitzeko oztopoak identifikatu eta horiek gainditzeko herri dinamika bat eratzea. Hortaz, eta herriko euskalgintzatik abiatuta, tailer hau akuilu izanen da herritarren kontzientzian eragin, eta gure herrian ditugun zailtasunak jabe izanik, zailtasun horiei komunitate gisa aurre egiteko. Tailerra Goizane Arana, Arnasguneetan adituak emango du. Aranaren hitzetan, «Hizkuntza batek, garatuko bada, ezinbestean bera nagusi den esparruak behar ditu. Euskaldunok esparru guztietan euskaraz aritu ahal izateko guneak izatea ezinbestekoa da, horrek emango baitio bizi-indarra hizkuntzari, eta horiek zaindu eta hedatu ezean akabo euskararen etorkizuna. Aldi berean gune geografiko horietan distentsio eta kontzientziazio falta nabaritzen ari da eta horretan eragitera gatoz».

Dagoeneko zortzi herritan eman dira tailerrak: Orion, Araitzen, Markinan, Goizuetan, Bergaran, Zarautzen, Getarian eta Baztanen. Pertsona ugari bertaratu da tailerrotara eta aurrera begirako proposamen zehatzak egin dira guztietan. Hutsune horiei nork erantzun beharko liekeen ere proposatu da eta hurrengo baterako hitzorduak ere jarri dituzte, hasitako bideari jarraipena eman asmoz.

Ateratako hutsuneen artean, errepikatuenak ondorengo eremuak izan dira: administrazioa (lanbide, bake epaitegiak, osakidetza, hezkuntza delegaritza...), ostalaritza-merkataritzan  ahoz zein idatziz , eremu informalean gaztelaniarako joera (gurasoak, gazteak...), herritik kanpora atera eta gaztelaniaz hastea.

UEMAren eta tokiko euskalgintzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da tailerrotan: bai tailerraren edukiak aurrez partekatzeko, baita tailerra abiatzea erabakiz gero tailerraren antolaketa lanetan parte hartzeko (tokia lotu, gonbidapenak igorri, tailerraren hedapena egin interesekoa den guneetan, dinamizazioa zehaztu...). Behin tailerrak amaituta, bertatik  eratorriko den lan taldearen dinamizazioa tokiko euskalgintzari dagokio, UEMArekin harremana egiteko aukera egonik ideiak eta proposamenak jasotzeko.