Albisteak

 

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

LEKEITIOKO UDALAK EUSKALDUN BERRIARI AITORTZA

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Lekeitioko Udalak bat egiten du HAKOBA (hizkuntza politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordea) batzordea osatzen duten herri erakunde ordezkariek 2015eko Euskararen Egunean euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egiteko hartutako erabakiarekin.

Aitortza horren bitartez, Lekeitioko Udalak euskaldun berriek euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahalegina errekonozitu nahi izan du aurtengo Euskararen Egunean eta ondorioz, Lekeitioko Udalak, heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guzti horiei jendaurreko aitortza erakusteko asmoarekin, Lekeitioko Kultur Etxeko aurrealdean (Eskolape aldean) dagoen gunean EUSKALDUN BERRIA izeneko plaka jartzeko erabakia hartu du. Plaka abenduaren 3an goizeko 10:00etan ipiniko da.

Gainera, pasa den azaroaren 26ko Osoko Bilkuran Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala adostua eta onartua izan zen. Adierazpen horretan abenduak 5ean (zapatuan) eguerdiko 12:00etan Lekeitioko Ikusgarri Aretoan egingo den Euskararen Jaian parte-hartzeko deia egiten zaie herritarrei, beste hainbat gauzen artean (sarrera euro baten truke eskuratu ahal izango da).

Aipatzekoa da, Lekeitioko Udaleko Euskara Sailarekin koordinatuta, hainbat herritar daudela Lekeitioko euskararen erabileran eragiteko lanean eta denak lelo berdinarenpean: “Eixu bigarren berbia be euskaraz”. Lau lantalde daude sortuta eta horietatik bat Komunikazio lantaldea da. Azken honek Lekeitioko euskararen erabileraren inguruko Eixu izeneko dokumentala prestatu du eta zapatuan bertan egingo da honen aurkezpena. Horretaz gain, bestelako ekintzak ere egongo dira:

  • Umorezko antzerkia: Miren Gojenola, Mikel Laskurain, Ana Elordi eta Fede Badiolaren eskutik.
  • Iñaki Martinez de Luna eta Olatz Altuna adituekin solasaldia.
  • Sari banaketa, zerbitzua eta errotuluak euskaraz lehentasunez duten komertzioei.

 Lekeitioko Udalaren adierazpena