Albisteak

 

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazita dago aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko beste herriekin batera. Eta gure eskualdean, bereziki, ahalik eta euskarazko errenta aitorpen gehien lortzeko, hiru herri handienetan batera abiatu dute kanpaina. Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udalek erabaki dute hitzarmena sinatzea herriotako finantza erakunde eta entitate laguntzaileekin. Hitzarmen horren helburua da bakoitzak bere esparrutik ahalegina egitea herritarrek euskaraz egin dezaten errenta aitorpena, euren egunerokoan beste gauza guztiak egiten diren bezala, naturaltasun osoaz, erraz eta traba barik.

Entitate laguntzaileen garrantzia

Herritar gehienen aitorpenak modu horretan egiten dira, (finantza erakundeen eta aholkularitzen bitartez), Aldundiak etxera eginda bidalitakoen atzetik eta internet bidez eta eskuz egindakoen aurretik.

Entitate laguntzaileek zer egingo duten

Bezeroei aitorpena euskaraz egiten lagundu, ahoz zein idatziz; bezeroak euskaraz egitera animatu eta bezeroei euskaraz egiteko eskatu.

 

Urterik urte gehiago

Urterik urte, honelako kanpainen eraginez, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak.

Horretarako, alegia, herritar gehiagok egin ditzaten aurten aitorpenak euskaraz, Udalak eta errenta aitorpena euskaraz egiten laguntzen duten entitateek hitzarmena sinatzea beharrezkoa ikusi dute haien konpromisoa adierazteko.

Errenta aitorpenean euskarak emaitza positiboa beti.

Gutako bakoitzak errenta aitorpena euskaraz egiten dugun bakoitzean ari gara laguntzen administrazioa euskalduntzen. Hori positiboa da.

Emaitza positiboak lortzeko ezinbestekoak dira baldintza batzuk. Alde batetik, hiztun komunitate sendo bat –eta hori guk, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan, badaukagu– eta bestetik, babesa eta laguntza –eta horretara dator hitzarmen hau– udalek eta errenta aitorpeneko agenteak dituzten entitateek, bakoitzak bere esparruan, laguntzak eta erraztasun guztiak ipintzea herritarren eskura euren aitorpena euskaraz egin dezaten.

Kalitatezko zerbitzua euskararen eskutik

Hitzarmena sinatuko duten entitateek kalitatezko zerbitzua eskaintzea dute helburu eta kalitatearen funtsezko osagaia, Ondarroan, euskararen eskutik dator.

Finantza erakundeek eta aholkularitzek dituzten bulegoak herritar askoren berezko topaguneak dira eta, gurea bezalako herri euskaldunetan, euskara erabiltzeko ohiko tokiak.

Elkarlana

Bakoitzak bere esparrutik ahalegina eginda emaitza hobeak lortuko ditugu. Zenbat eta toki gehiagotan eragin orduan eta hobeto.

Herritarrei erraztasunak emateko ahaleginean elkarlanean arituko dira udala, finantza erakundeak eta aholkularitzak. Azken hauek herritarrengandik hurbilen daudenak izanik, bitartekari naturalak dira errentaren kanpainarako. Herritar askoren aitorpenak finantza erakundeetan eta aholkularitzetan egiten direnez gero, garrantzitsua da bezeroei aitorpena euskaraz egiten laguntzea.

Dena den, aipatu beharra dago baita ere, aitorpen guztiak ez direla entitateetan egiten. Gutxi asko, ia etxe guztietan jasotzen da Aldundiak bidalitako gutuna, kasu horietan aitorpena eginda bidaltzen dutenez komeni da begiratu bat eman eta konturatzea zer hizkuntzatan dagoen. Erderaz badago, Aldundira deitu behar da euskaraz jaso nahi dea esateko.

Deitu Foru Ogasunera 94 608 3000 Sakatu euskararen aukera! Hori bada errenta!