Albisteak

 

Errenta aitorpena euskaraz

Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu badiren ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko asmotan, aurten errenta euskaraz egiteko kanpainarekin aurrera egingo du Lekeitioko udalak, UEMA, hainbat udal eta erakunde publikorekin batera.

Gure eskualdean, bereziki, ahalik eta euskarazko errenta aitorpen gehien lortzeko, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udalak batera abiatu dugu kanpaina, errenta euskaraz egitera gonbidatuz herritarrak.

Urtetik urtera gehiago

Urtetik urte, honelako kanpainen eraginez, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak. Aurreko urtean Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udalek batera egindako kanpainaren emaitzak oso positiboak izan dira. Lekeition, iazko kanpainan, 1.484 lekeitiarrek egin zuten aitorpena euskaraz, azken 6 urteotako emaitzarik onena lortuz: %39,7

Errenta aitorpenean euskarak emaitza positiboa beti.

Gutako bakoitzak errenta aitorpena euskaraz egiten dugun bakoitzean administrazioa euskalduntzen laguntzen ari gara. Hori positiboa da.

Emaitza positiboak lortzeko ezinbestekoak dira baldintza batzuk. Alde batetik, hiztun komunitate sendo bat –eta hori guk, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan, badaukagu– eta bestetik, babesa eta laguntza , udalek eta errenta aitorpeneko agenteak dituzten entitateek, bakoitzak bere esparruan, laguntzak eta erraztasun guztiak ipintzea herritarren eskura euren aitorpena euskaraz egin dezaten.



Euskara aukeratu: Diru-kontuak tartean direnean hizkuntzak zerikusi ez duelakoan konturatu ere ez gara egiten euskaraz egin ahal dugula tramite hori ere.

EUSKARAZ ERRENTA AITORPENA EGITEKO AUKERAK:

AUTOLIKIDAZIO PROPOSAMENA

Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

INTERNET BIDEZKOA

• Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu.

• Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

• Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu).

MEKANIZATUA

• Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

• Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz zein Internet bidez ere.

• Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.