Albisteak

 

Eusebio Maria Azkueren jaiotzaren 200. urteurrena aurten beteko dela eta, Lekeitioko udalak eta Euskaltzaindiak hitzaldi sorta antolatu dute. Ekitaldia irailaren 20an izango da, arratsaldeko 19:00etan kultur etxean. Hitzaldia Maitane Larrauri Lekeitioko alkatearen sarrera hitzekin hasiko da; eta ondoren, Jon Kortazarrek hartuko du hitza. Honek Eusebio Azkueren poesiaren inguruan hitz egingo digu; eta jarraian, Josu Bijuescak Eusebio Maria Azkue eta nazio identitatearen inguruan azalpen batzuk emango dizkigu. Hurrengo hizlaria Xabier Altzibar izango da eta “zein dira eta zein ez Eusebio Maria Azkueren bertsoak” izeneko hizketaldia eskainiko digu. Agur hitzak berriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak emango ditu.

Hitzaldi sorta Euskaltzaindiaren eta Lekeitioko Udalaren arteko elkarlanaren bidez posible egin da. Biek ala biek gizon hau omentzeko beharra ikusi dute. Azkuek euskararekiko egindako lana gogoan izanda, Lekeitioko Udalak ere bere gain dauden medio guztiak martxan jarri ditu, Lekeitio herri euskaldun baten isla izan dadin. Konpromiso hori hartuta dauka Udalak, alde tekniko zein politikotik. Hori horrela, UEMAn sartu zen udala, euskararen normalizazioa erabatekoa izan dadin.

Eusebio Maria Azkue
Eusebio Maria Azkue olerkaria Lekeition jaio zen 2013ko apirilaren 13an eta Bilbon hil 1873ko azaroaren 11n. Nautika Eskolako maisu izan zen Eusebio, lehenengo Bermeon eta gero Lekeition. Eusebioren 11. semea Resurrección Maria Azkue ospetsua izan zen. Semeak aitaren olerkiak argitaratu zituen Parnasorako bidea liburuan (1896). Hara semeak bere aitaz esandakoa: “Izateagaz batera sortu zuen nere baitan euskararako, musikarako eta Europako zaharren den gure herriaren bizitzarako bizi arteko zaletasuna”.