Albisteak

 

EUSKARALDIA / 2.EDIZIOA

ZER EGINGO DUGU?

2018 bukaeran hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren baitan. Bigarren edizioan urrats berriak emango ditugu, eta norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte hizkuntza praktika berriak bultzatzeko.

 

ZERGATIK ENTITATEAK?

Lehen edizioan norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan. Eremu antolatu eta finkoak diren heinean, bertako kide guztiei zuzenean eragiten diete hizkuntzaren esparruan bertan hartutako erabakiek, baita ingurukoei ere, zeharka. Gainera, entitateei eremu horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatuko zaie eta, epe luzerako helburuez ari garenez, ariketa amaitzean hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita egingo zaie.

 

NOLA EGINGO DUGU?

2020an Euskaraldiak, iaz egin moduan, belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa. Baina horretaz gain, entitateek euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ARIGUNEAK. Horrela, taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.

HERRITARRAK: AHOBIZI ETA BELARRIPREST

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut

Euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

 

ENTITATEETAN: ARIGUNEAK

Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu. Bi motatakoak izan daitezke:

Barne-ariguneak: ohiko funtzionamendurako taldeak dira (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…) eta bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen % 80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest dago.

Kanpo-ariguneak: entitatean herritarrekiko harreman espazioetan (harreran, telefonoan, kutxetan, barran…) dauden pertsonek herritarrekin osatutako arigunea da. Espazio horietan beti egongo da belarriprest edo ahobizi den kide bat, gutxienez, herritarraren hizkuntza aukera bermatzeko. Entitateko kideek ahobizi eta belarriprest moduan hartuko dute parte ariketan. Horietako batzuk ariguneetan egongo dira eta beste batzuk ez.

 

ZEIN ENTITATEK HAR DEZAKETE PARTE?

Mota guztietako entitateek: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol taldeek, etab.; tokian tokikoek, eskualde mailakoek, lurralde batekoek zein Euskal Herri osokoek.

Entitateei proposatutako ariketa egin ahal izateko, gutxienez, barne-arigune edota kanpo-arigune bat izatea bermatu behar dute.

Arigunerik ez duten entitateek beste galdetegi batean emango dute izena, hala, kideen prestaketa egin eta aurrerapausoak emateko jarraibideak jasoko dituzte, eta norbanakoen ariketa sustatu eta ariguneak sortzeko neurriak hartzeko gonbidapena egingo zaie.

 

ENTITATEEK EGIN BEHARREKO PROZESUA

Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek hurrengo urratsak eman beharko dituzte:

Proposamena aztertu eta parte-hartzeko erabakia hartu. Entitateak ekimenaren berri izango du hainbat bidetatik (bisitak, aurkezpenak, komunikabideak, gonbidapenak…) eta entitatean hizkuntza praktika berriak finkatu nahi baditu, Euskaraldian parte hartzea erabakiko du.

Arigune izan daitezkeen taldeak identifikatu. Euskaraldian izena emateko entitateak bere barruko ariguneak identifikatu beharko ditu. Horretarako, entitatearen egituran dauden funtzionamendurako taldeak (sailak, taldeak, atalak, bulegoak…) zehaztu eta horien euskararen ezagutza argitu beharko du. Barne funtzionamenduko arigunea osatu ahal izateko, taldeko guztiek gutxienez euskaraz ulertu beharko dute. Kanpo-arigunea izendatzeko, berriz, uneoro gutxienez euskara ulertzeko pertsona bat egotea bermatu beharko da.

Kideekin adostu. Arigunea sortu ahal izateko, bertako kideek arigunea osatzeko adostasuna adierazi behar dute. Hortaz, entitateko arduradunak atal edo talde horretako kideei Euskaraldian arigune moduan parte hartzeko proposamena egingo die.

Izena eman. Entitateak Euskaraldian izena emango du. Bertan arigune kopurua adierazi beharko du. Neurriak hartu. Izena eman eta ariketa hasi bitartean, 15 egunetarako prest egotea bermatu beharko du horretarako dagozkion neurriak hartuta.

Ariketa egin. Entitatean ahobizi eta belarriprest dinamika martxan jarriko da 15 egunetan, ariguneetan zein ariguneetatik kanpo. Egun hauetan entitateko kideek aukeratutako rolaren baitan funtzionatu beharko dute. Eta ariguneetan ez dauden herritarrek, berriz, iaz egin zen moduan hartuko dute parte ariketan, belarriprest eta ahobizi moduan euren egunerokoan.

Balorazioa egin eta neurriak egonkortu. Behin ariketa bukatuta, entitateak aztertu beharko du hartutako zein neurri mantendu ditzakeen eta zein neurri berri hartzeko prest dagoen, etorkizunari begira.