Albisteak

 
  • Udalak, aukera posible guztiak aztertu ditu eta erakunde ezberdinekin harremanetan jarri da Ondarzabalen konponketa lanak aurrera eramateko.
  • Babes faltan, proiektu bakar batek ezin du udalaren gaur egungo eta etorkizuneko aurrekontuak baldintzatu. Are gutxiago, oinarrizko zerbitzu bat ez denean eta herritargoaren zein udalez gaindiko beste erakundeen babes nahikorik lortu ez duenean.
  • Erabilgarri den material guztia, ikus-entzunezkoa edo arrantzako materiala esaterako, mantendu eta gordeko da Udal azpiegituretan.

Atzo Kultur Etxean elkartu zen garapen batzordeak eta gaurko Tokiko Gobernu Batzordeak Playa de Ondarzabal itsasontzia zatikatzea erabaki dute, bestelako aukera guztiak aztertu ondoren.

1967an lehenengoz itsasoratu zenetik denbora pasa da eta denoi bezalaxe Playa de Ondarzabaleri ere denborak aztarnak utzi dizkio. 2003an musealizatu zenean ezarri zen mantenimendu plangintzak itsasontzia 2-3 urteroko aldikotasunarekin gurdira igo beharko zela, konpontze lanak baloratzeko eta aurrera eramateko. 2013ko neguan, Ondarzabal karrora igotzeko unea zela ikusita, aurrekontu ezberdinak eskatu ziren ontzioletara. Guztiak, karrora igotzea eta konponketak egitea 200.000 euro inguruko aurrekontuetan mugitu ziren. Diru hau Ondarzabalera zuzentzeko, udalak dituen beste zerbitzuetan murrizketak egin beharko lirateke, hau da beste udal zerbitzu batzuk (kultura, berdintasuna, ongizate, kirola etab) kolokan jarri gabe, aurrekontu hauei heltzea udalarentzat ezinezkoa da eta ondorioz, bide desberdinak lantzen aritu gara orain arte itsasontzia mantentzen saiatzeko.

Alde batetik, gure egoera beretsua duten udal eta instituzioekin batu gara: Bermeo eta Santurtziko udalekin eta Bilboko Itsas Museoarekin. Itsas ondarearen kudeaketa udalek bere gain mantentzearen kostuak oso altuak direla eta honek itsas ondarearen jarraipena kolokan jartzen zuela ondorioztatu zen, bestelako erakundeek edo babes ekonomikorik ez badago behintzat.

Horregatik, Udala finantziazio bide  ezberdinen bila hasi zen eta Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin bilerak egin ditugu. Erakunde hauetako ordezkariekin, Ondarzabalen konponketa lanak kosteatzeko elkarlana eskatu zen, udalak ezin baitu 200.000 euroko  aurrekontua bakarrik bere gain hartu. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak ezezkoa eman zioten dirulaguntzari. Erantzuna ezezkoa izan zen, itsas ondarearen inguruko plangintzarik ez baitute. Horrela, ez soilik Ondarzabal itsasontzia baita Bilboko Itsas Museoko Antxustegi itsasontzia deseraiki egingo da.

Lerro hau agortu ostean, ondarearekiko erakutsitako interesagatik, Atabaka elkartearengana jo genuen elkarlan eske. Ekonomikoki eta teknikoki bideragarria zen proiektu bat aurkeztu ziguten eta elkarlanean berau zehazten aritu ginen. Baina proiektua aurrera eramateko herritarren babesa ezinbesteko zen. Horregatik, maiatzaren 31an Atabakak deitu zuen bilera inflexio puntu garrantzitsua izan zen. Deialdia herritar guztiei egin zitzaien, proiektuak herrian zuen babesa neurtzeko. Baina, bertaratutakoak ez ziren 10 pertsonara iritsi udaleko eta elkarteko ordezkariak kontutan izanda. Ikusirik proiektuak ez zuela herritarren babes nahikorik, Atabaka elkarteak barne hausnarketa baten ostean, proiektuarekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuen.

Egoera honetan, udalak azken aukera bat aztertu du Atabakaren proposamenari jarraiki: Ondarzabal Lekeitiora ekartzea eta lehorrean kokatzea, konponketak egin ahal izateko dirua izan arte. Plan honen arazo teknikoak eta kostu ekonomikoak oso altuak direla ikusi dugunean ordea,  atzera bota behar izan da ideia. 

Itsasontzia azken hilabeteetan Ondarroako gurdian egon da, popako bita apurtua baizeukan neguko denborale baten ondorioz. Otsaileko denboralea etorri behar zenean, udalak kofradiarekin eta kapitaniarekin hitz egin zuen eta Ondarzabal karrora igotzea beharrezkotzat jo genuen. Bestela Ondarzabal portuko itsasontzi guztientzat arriskutsua izan zitekeen eta, ikaragarrizko hondamendi ekonomikoa eragin zezakeen. Gainera, hile hauetan gurdian mantentzearen kostuak, portuan izatearen kostuen parekoa da, beraz udalarentzat ez du gainordainik suposatu.

Guzti hau kontutan izanda, Playa de Ondarzabal itsasontzia zatikatzea dugun aukera zentzuzkoena dela deritzogu. Udalak, aukera posible guztiak aztertu ditu eta erakunde ezberdinekin harremanetan jarri da Ondarzabal mantentzeko asmoz. Hala ere, proiektu bakar batek ezin du udalaren gaur egungo eta etorkizuneko aurrekontuak baldintzatu. Are gutxiago, oinarrizko zerbitzu bat ez denean eta herritargoaren zein udalez gaindiko beste erakundeen babes nahikorik lortu ez duenean. Hala ere, erabilgarri den material guztia, ikus-entzunezkoa edo arrantzako materiala esaterako, mantendu eta gordeko da Udal azpiegituretan.