Albisteak

 

Lekeitioko Udalak Garraitz irlaren berezko birsorkuntza (erregenerazioa) bultzatzen du, sistema horrek aukera eskaintzen baitu basoak gizakiaren interbentziorik gabe zer garapen izan dezakeen ezagutzeko. Zentzu horretan udalak uste du irlari bere ekosistema naturala berreskuratzen utzi behar zaiola, eta horrek aldaketa batzuk suposatuko ditu ekologikoki zein paisajistikoki. ”Naturala” egin zaigu irlan pinudia ikustea, baina irla orain dela 105 urte landatu zuten, ekosistema natural propioa aldatuz.
 
Egun irlako pinudia hiltzen ari da. Esan bezala, ez dugu beste landaketa baten aldeko apustua egiten. Dena dela, isla bisitatzeko aukera mantentzeko, bidera eror zitezkeen zuhaitzak identifikatu ziren eta horiek mozteko erabakia hartu zen. 48 ziren arriskua sor zezaketen zuhaitzak, eta gaur egun horietatik 20 bat moztuta daude, eta gainontzekoak, epe motzean moztuko dira, eta bertan utziko dira biodibertsitatearen gordeleku izateko, higadura ekiditeko eta ura metatzeko. Hori guztia Lekeitioko Udaleko Ingurumen Batzordean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan landu eta eztabaidatu da.

Birsorkuntzaren apustua ez da oraingoa, duela 15 urte hasitako bidea baizik. Orduan konturatu ginen irlaren egoera ekologikoa kezkagarria zela, ahuntzek Garraitzeko landaredi guztia jaten baitzuten. Egoera horren aurrean ahuntzak kentzea erabaki zen, irlako landaredia bere kasa garatzeko. Ordutik hona artadiaren serieko landarediak ikaragarrizko garapena izan du, nahiz eta bertan estres egoerak (klimatologia gogorra, ur falta, kresalaren eragina, eta abar) handiak izan. Egun gune batzuetan 3 metro baino altuera handiagoa hartu du landarediak. Dena dela, nabarmendu beharko genuke, basoaren denbora-eskalan aztertu beharko genukeela hori guztia, hainbat urtetako eskalan alegia, eta ez gaur egungo basoen ustiaketa intentsibokoan.

Urte luze horiek frogatu digute hartutako erabakiak irlaren berezko birsorkuntza ahalbidetzen lagundu duela. Horregatik bat egiten dugu garai hartan hartutako erabakiarekin, hots, pinudia bere horretan uztea, eta bitartean berezko landaredia bere kasa garatzen uztea. Honakoak dira erabaki hori hartzeko argudioak:

- Ikuspegi ekologikoa, hildako egurrak ez du inolako kalterik egiten. Guztiz kontrakoa, nahiz eta kasu honetan kanpoko espezieak izan (Korsikako pinua eta zipres bat), baso ekosistema batetan (ez baso-landaketetan) adin guztietako zuhaitzak egon ohi dira, baita hiltzear daudenak eta hildakoak ere. Gainera, egundoko garrantzia du basoetan hildako egurra egoteak, horretan bizi baitira Europa mailan desagertzeko arrisku handiena duten intsektuak. Hildako egurra zutik ala lurrean etzanda egon daiteke. Zutik badago, garrantzia handia du, animaliek habiak eta gordelekuak egiten dituztelako bertan. Era berean, usteltzen doan heinean animaliak, landareak eta onddoak erruz hazten dira. Etzanda daudenei dagokienez, biodibertsitatearen gordeleku izateaz gain, higadura ekidin eta ur asko metatzen dute. Beraz, proposamena da baso naturala balitz bezala kudeatzea eta segida ekologikoa bermatzea.

- Ikuspegi paisajistikoa, irlak ez du izango bat-bateko eraldaketarik, baizik eta, urte askotako prozesu baten ondorioz, artadia nagusituko da bertan, zutik iraungo duten pinudien artean, eta honek naturaren dinamismoa islatuko du, naturaltasunez.

- Ondarearen kudeaketaren ikuspegitik, herriko jendeak bere irlaren gainean Adan de Yarzak landatutako pinudia kontserbatuko du, irauten duen bitartean.

- Ikuspegi didaktikoa, jendeak ulertzeko moduko mila kontu daude hemen. Bat, basoak ekosistema biziak dira eta ziklo bat garatzen dute. Kasu honetan segida ekologikoaren aldeko apustua egin da: irlak berez berreskura dezala dagokion landaredia. Bi, basoetan bada berez hildako egurra, eta egur horrek egundoko garrantzia du biodibertsitatearentzat eta hainbat ziklorentzat (nutrienteena, urarena...). Hiru, beste argudio bat ere badago honetan guztian, bizitza honetan ez dago gauzak egiteko modu bakar bat (basoetan beti motozerrarekin konpontzen dira gauza gehienak). Bada beste biderik ere, eta traumatikoa ez den erabaki baten aldeko apustua egin dugu.