Albisteak

 

Azaroaren 2an, zapatua, Gazte Guneko 12-18 urteko gazteekin I. ekintza burutzeaz gain, ate irekiak antolatu ziren Gazte Gunea eta Pal-palian proiektuaren berri izateko. Joan den zapatuan ospatu zen I. gazte ekintza eta horretarako afari bat antolatu zuten. Aurretiaz gazteen artean lan banaketa egin eta 35 gazte bildu ziren Gazte Gunean, eta bapo-bapo jateaz gainera, ongi pasatu eta hausnartzeko denbora ere izan zuten.
 
Hurrengo ekintza Gazte Gunean izatea adostu zuten, abenduaren 14an, 20:00etan. II. ekintza horretan, Gazte Gunean graffitia egin, afaldu eta bertan lo egitea erabaki zuten. Baimen fitxak bete beharko dira, II. ekintzan parte hartzeko. Fitxak Gazte Bulegoan eskuratu ahal dira, ostegun-ostiraletan, arratsaldeko 17:00-20:00 bitartean. Aldez aurretik, baina, graffitian egin beharreko irudiaren lehiaketa antolatuko da twitter bidez. Graffitia egiteko zirriborroak twitter bidez igo ahalko dira, eta bozkatu, honako helbidean: @gg_palpalian. Azaroaren 17rako erabakiko dute zein izan den bozkatuena, eta beraz, abenduaren 14an margotuko dena.

Hileko lehen zapatuetako ekintza hauetan ongi pasatzeaz gain, gazteek beraien aisialdiaren inguruan dituzten ideiak edo ekarpenak jasotzea da helburua. Izan ere, Pal-palian proiektutik  herriko haur eta gazteen beharrizanen inguruko hausnarketa bat eramaten ari  da aurrera, ludoteka, Kide Gune eta Gazte Bulegoaren zerbitzuak emateaz gainera.

Hile honetan gazte ekintzak testuinguru berezia izan du. Izan ere, ludoteka eta Kide Guneko zerbitzukoek ere Gazte Gunean izan dira 18:00etatik 20:00etara eta ume, gazte eta guraso zein herritarrentzako ATE IREKIAK  antolatu dira. Etxea ikusi zein bertako proiektua ezagutzeko aukera egon da. Gurasoei zein herritarrei inkesta banatu eta haur eta gazteen aisialdiaren inguruan ideiak elkartrukatzeko espazioa bihurtu da.