Albisteak

 

Lekeitio plato bihurtuko da berriz ere. Pecado Films eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak elkartu eta hala erabaki dute. Honenbestez, Koldo Serra (Bilbo, 1975) zinegilearen Gernika pelikularen pasarte batzuk Lekeition filmatuko dira.

Filmak 1937an Gernikan izandako bonbardaketa izango du ardatz. Gidoia Carlos Clavijo eta Barney Cohenek idatzi dute. Azken horrek Friday the 13th: The Final Chapter filmaren gidoia egin du, besteak beste. Serrak, berriz, Bosque de Sombras thriller generoko filma zuzendu zuen 2006an  Gary Oldman, Virginie Ledoyen eta Paddy Considine aktoreekin batera. Nazioarteko aktoreak parte hartuko dute filman.

Filmaketak Santo Domingo, Arranegi, eta Ezpeleta kaleetan egingo dira ekainaren 16, 17 eta 22an.

Filmaketaren nondik norakoak azaltzeko, aurkezpena egingo da apirilaren 27an, astelehena, arratsaldeko 19:00etan Azkue Aretoan. Bertan, Lekeitioko Udaleko ordezkariak eta Mikel Saldise pelikularen Kokaleku Arduradunak, filmaren aurkezpena egingo dute. Ordu beteko solasaldian, teaser-a aurkeztu eta filmaketaren berezitasunak azalduko dituzte, eta primiziaz sorpresa batzuk aurreratzeko moduan izango direla uste da. Herritar guztiei zabalik dago aurkezpena, hain zuzen ere, Kokaleku Arduradunak Lekeitioko grabaketa egunetan hainbat zereginetaz arduratzeko herritarrak beharko dituelako. Baina batez ere filma grabatuko den kaleetako herritarrei  egiten zaie deia aurkezpenera agertzeko. Hauei, grabaketak sortuko dituen aldaketak azaldu eta 3 egun horietako grabaketa ordutegiak eta berezitasunak azalduko zaizkie.

Lekeitiok kultur industria erakartzen du. Zine munduko profesionalak etorriko dira ekainean Lekeitiora eta hori pozgarritzat jo du Udalak. Kultura garapen ekonomikorako giltza da eta zentzu horretan pozgarria da guretzat Lekeitioko herria Gernika filmean agertzea.