Albisteak

 
GERNIKAKO ARBOLAREN KIMUA LANDATU DUTE AZKUE IKASTOLAN

Hilabete gutxi batzuk baino ez dira geratzen maiatzean ospatuko den Ibilaldirako, baina Bizkaiko ikastolen jaiaren presentzia geroz eta nabarmenagoa izaten ari da azken asteetan egiten ari diren ekintza ezberdinei esker. Azkue Ikastolak 3. aldiz ospatuko duen Ibilaldia omentzeko asmoz, gaur Gernikako arbolaren kimua landatu dute eraikinaren sarreran eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Lekeitioko Alkatea eta Azkue ikastolako presidentea bertan egon dira.

“Gernikako Arbola” abestiaren doinuaz lagunduta, landaketa sinboliko honen lehenengo palakadak eman ostean, ikastolako ikasleek aurreskua dantzatu dute. Guzti honekin, maiatzaren 19ko hitzorduan kokatzen dira begirada guztiak, Ibilaldiak Lekeitioko kaleak jai giroz beteko dituen eguna.