Albisteak

 

Ludoteka, kide gunea eta gazte gune zerbitzuak martxan jarriko dira berriz ere. Orain arte Suspergintzak koordinatzen zituen zerbitzuak aurrerantzean Karkabia kultur taldeak eta Urtxintxa Eskolak aurkeztutako proiektuaren bidez gestionatuko dira. Aurretik zeuden lau langile mantenduko dira. Horrez gain, proiektuak koordinatzaile bat izango du astean 15 orduz. Suspergintzak eskaintzen zuen zerbitzuaren kostua 12.322 eurokoa zen hileko, proiektu berri honena, aldiz, 4.406. Beraz %65 aurreztuko da. Zerbitzuaren eskaintza aldatzen bada ere, funtsean zerbitzuak mantendu egingo dira.
 
Legegintzaldi hasieran Gazte Guneak 140.000 euroko partida zuen urteko, Suspergintzarekin izenpetutako kontratuaren bidez. Udalak, diru publikoa zorroztasunez kudeatu nahian, kontratu handi guztiak errebisatu zituen. Hasiera batean partida 120.000 eurora mugatu zen. Alabaina Suspergintzarekin kontratua bukatzen zela eta, Gazte Gunea gestionatzeko beste modu batzuk aztertzen hasi zen udala.

Urtxintxa Eskola eta Karkabiarekin sinatutako kontratu hau trantsizio moduan ulertzen du udalak. Irailaren 27an hasi eta ekaina arte martxan izango da. Aurreko kontratuak ia 61.000 euroko kostua bazuen ere bost hilabeterako, oraingoak 22.031,25koa izango du epe bererako.

Zerbitzuak
Ludoteka (HH3-LH2ra) zerbitzua aste barruan gurasoen begiradapean emango da, eta bariku-zapatuetan bi begirale izango dira 17:00etatik 20:00etara Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Bestetik Kide gunea, (LH3tik LH5ra) 8-10urte bitarteko umeei zuzendutako aisialdi zerbitzua, asteburutan (zapatu-domeka) ematen jarraituko da, beste bi begiraleen zaintzapean, 18:00etatik 20:00etara. Gazte Bulegoa ere zabalduko da berriro ostegun eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara bertaratu nahi duten guztientzat. Gazte guneko ekintzak, azkenik, hilean behin izatera pasatuko dira, eta gazteek berek erabakiko dute zer ekintza egin nahi duten urtean zehar.

Gazte gunearen inguruko hausnarketa
Karkabia kultur taldeak eta Urtxintxa Eskolak aurkeztutako proiektuak, aipaturiko zerbitzuak emateaz gain, gazte gunearen inguruko hausnarketa bat eramango du aurrera. Hau da Gazte Gunea gazteek berek diseinaturiko espazio bat izan behar da, 2009an egindakoaren alderantzizkoa. Espazioa jarri eta gazteak bertara moldarazi nahi izan zuten, askotan emaitza positiborik lortu gabe. Horregatik, ezinbestekoa da gazteek zer nahi eta behar duten adostea, zerbitzu horrek orain arte udalari suposatu dion diru kantitate itzela behar den moduan erabiltzen dela ziurtatzeko batez ere. Gazte gunea, hainbeste diru xahutzen duen azpiegitura bat izan da orain arte eta akatsa non dagoen argi dago: gazteen parte hartze barik antolatutako espazioa/zerbitzua zen. Zentzu honetan aldaketa bat proposatzen du Palpalian haur eta gazteen aisialdia egin eta pentsatu proposamenak. Udalak argi dauka gainera, gazteengana bideratutako gastuak beti direla inbertsio, baina inbertsio horiek zorrotz egin behar dira, diru publikoa xahutu barik.

Planteamendu berri honekin, 8 hilabeteko interbentzio bat aurreikusten da. Interbentzio honen ostean, gazteekin eta Lekeitioko eragile anitzekin batera ateratako ondorioak plazaratuko dituzte eta, jakingo da, aurrerantzean Gazte Gunean eman beharreko zerbitzuaren nondik norakoak zeintzuk izan behar diren, gazteengana egokituta egongo baitira. Orduan, gazte guneko zerbitzu kontratu berria egiteko pleguak zelakoak izan behar diren jakingo da, hain zuzen ere bertako erabiltzaileen beharrizanetatik eraikiko baitira. Orduan egingo da deialdi zabala.