Albisteak

 

Osoko Bilkuran Merkatu Plazaren ordenantza berria aurkeztuko da.
Dinamizazioa izango da oinarrizkoa: Aste honetan, 296 mus jokalari aurkituko dira merkatu plazan.

Lekeitioko Udalak Merkatu plaza indartzeko, berregituratzeko eta modernizatzeko lanak amaitu berri dituela ospatu zuten herritarrek zapatuan. Horrela, Merkatu plazako aro berriari hasiera eman zion Lekeitiok zapatuan. Azoka, musika, bertsolariak ,talo ikastaroa, jolasak, eta jana eta edaria izan ziren bertan. Ehundaka herritar gerturatu ziren egun guztian zehar merkatu plazatik.

Goizean goiz hasi ziren ospakizunak talo ikastaroarekin. 20 lagun inguruk taloa egiten ikasi zuten giro bikainean. Ondoren etorri ziren Xabat Galletebeitiaren bertsoak eta  Maitane Larrauri Fraileren hitzak. Alkateak merkatu plazak izan duen gainbehera azpimarratu zuen, eta horregaitik 2012tik Garapen Agentziarekin batera
plaza merkatuaren diagnostikoa egin eta  aurrera begirako lerro estrategikoak finkatu direla aipatu zuen. Merkatu plazaren garrantzia azpimarratu eta aurrera eramandako  konponketa lanak aipatu zituen. Baina ez hori bakarrik, berau herritarren topaleku izatea nahi du udalak eta horregaitik goiko solairua zabalik dago herritarrentzat. Azken finean, Lekeition hain  beharrezkoa den aterpe bat eskaintzeagaz batera, merkatu plazarekiko hurbiltasuna eta etortzeko ohitura  sustatu nahi dela esan zuen alkateak. Kontsumo ereduen hausnarketa ere egin beharreko kontua dela aipatu zuen Maitane Larraurik. Plaza merkatuan aurkitzen ditugun elikagaiak, hainbeste eta hainbeste kilometro bidaiatu ez daben kalitatezko produktuak daukaguzela gogoratu zuen. Gehiegizko plastiko, paper barik eta konfiantzazko pertsonen eskutik elikagaiak eskuratzeko aukera zoragarria da Merkatu plaza.

Merkatu ordenantza berria eta dinamizazioa
Garai berrietara egokituta egongo den udal-merkatu ordenantza berri bat aurkeztuko da hurrengo plenoan. Honen bitartez plazaren funtzionamendua gaur eguneratzeaz gain, postu bat lortzeko erraztasunak eskaini nahi dira, izan ere 6 dira hutsik diren salmenta guneak. Udala azokari eta merkatari potentzial berriekin harremanetan dago eta agertu dira jada lehen interesatuak. Lehen solairuan, postuaren tamainaren arabera 44,90 eurotatik 89,92 eurotara balio du denda jartzea hilabetean. Ekoizleentzat aldiz, goiko pisuan, 0.95 euro balio du mahai erdia hartzea egunean edota 5.70 euro hilabetean. 

Dinamizazioa izango da orain merkatu plazan funtsezko lana. Urte honetarako beste bi ekintza gastronomiko antolatu nahi du udalak. Baina ekintza gastronomikoaz gain, udalak beronen erabilera herritarrei zabaldu dio, aterpe gisa erabiltzeko zein ekimen ezberdinak antolatzeko. Datorren hitzordua aste honetan izango da, Euskal Herriko Mus Txapelketarekin. 296 mus jokalarik hitzordua dute Lekeition.