Albisteak

 

Plaza-merkatua indartzeko, berregituratzeko eta modernizatzeko programa jarri du martxan Lekeitioko Udalak. Horretarako Udalak “Garapen Ekonomiko Hausnarketa” aurkeztu du Eusko Jaurlaritzara eta  15.797,93 €tako dirulaguntza jaso du Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazioa eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak izeneko  programaren barruan. Dirulaguntza honen bidez, udal merkatuaren jarduera berpiztu eta indartu nahi da.

2012an tekniko, merkatari eta ekoizleekin eginiko “Garapen Ekonomiko Hausnarketa” n adierazi bezala, bi erronka nagusi ditu plaza merkatuak. Alde batetik, salerosketa gune izaera indartzea, bereziki bertoko produktuen espazioa zainduz. Horretarako plaza merkatuaren dinamizazioa landuko da: besteak beste, plaza merkatura ekoizle eta merkatari berriak erakarri, egungo salmenta jarduerari jarraipen bat eman, komunikazio plangintza bereizitua egin, merkatuan bertan gastronomi eskaintzak bideratu etab.

Bestetik, plaza merkatua herritarren topaleku bihurtzea da erronka eta horretarako espazioaren eta zerbitzuen egokitzapena egingo da. Plaza Merkatuko bigarran solairua, gaur egun baserritarrak dauden  gunea, espazio anitzeko  gune bihurtu nahi da. Ondorioz, neguko sasoian,  herritar ororentzat  zabalik  egongo da  arratsaldez.  Gunea babestuago eta seguruago izateko, bigarren solairuan ate berria eta segurtasun neurriak hartuko dira.

Horrez gain, Lekeitioko Udalak plaza merkatuaren eraikina modernizatu eta txukuntze aldera hainbat konpontzen lan jarri ditu martxan: eraikina garbitu, margotu, seinalizazio egokia jarri, informazio gune bat ezarri eta solairuen sarrerak berriztuko dira.

Zentzu berean, garai berrietara egokituta, udal-merkatu ordenantza berri bat lantzen hasi da udala. Honen bitartez plazaren funtzionamendua gaur eguneratzeaz gain, postu bat lortzeko erraztasunak eskaini nahi dira, izan ere 6 dira hutsik diren salmenta guneak.