Albisteak

 

Lekeitioko udalak, herriko PNV alderdiaren partetik igorri diren adierazpen batzuen harira argipen batzuk egin nahi lituzke. Lazunarri moilaren konponketa laneri buruz eta ondare kudeaketari buruz esandako batzuen harira.

Obra bat hasteko dagozkion baimen eta bermeak ziurtatu behar dira. Lazunarri moilaren konponketa hasi aurretik, hauek guztiak ziurtatzea da erakunde guztien eginbeharra. Obrak hasi arteko tartea, beraz, gestio hauek behar izan dutena da. Udalak ez du ezer trabatu, ez baita herritarren interesekoa obra hori atzeratzea, eta, era berean, ez baitauka gaitasun hori. Eusko Jaurlaritza bera “atzeratu” da, baina denbora hori behar izan duelako, bere eskumena baita gestio hauek egitea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Garraio Saila, Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta Lekeitioko Udala batu egin behar izan ziren abenduaren 30ean, baimenen kontua argitu eta proiektua eskakizun guztiak kontuan hartuz abiatuko dela adosteko. Bilera hori Lekeitioko udalak deitu zuen, arduraz jokatuta, herriko arrantzarako duen garrantziagatik.

Proiektu honi dagokionez atal bi desberdindu behar dira: ondarearen ingurukoa eta legezkoa. Ondareari dagokion prozedura behar den bezala kudeatu da eta BFAko Kultura saila eta EJko Kultur Ondareko zuzendaritzarekin elkarlanean aritu izan baita udala. Eta biek ere argi erakutsi dute ondare ikuspegia zaintzearena azken proiektuan.

Prozedura administratiboari dagokionez, udalean horretan ibili diren teknikarien lana zalantzan jartzen da egindako adierazpenekin. Udaletik egiten den lana ez da posible lan tekniko eta politiko bateratu bat gabe. Beraz, udala osatzen dugun ordezkari politikoen partetik kontuan izan beharko genuke aspektu hori zenbait adierazpen egin aurretik. 

Ondarearen kudeaketari dagokionez, legegintzaldi honetan adostu dira Mendieta Ontziolaren birgaizte lanak nola egingo diren eta Lea ibaiaren industria paisaiari begirako ondare lanketaren proiektua. Besteak beste, ontziola egonkortu eta balorean jartzeko proposamenarekin. Lazunarria bera ere konpondu egingo da. Eta Abaroa jauregiak herritarren parte hartzearekin egindako proiektu bat ez ezik, Euskal Herriko Ondare Katalogoan sartzeko prozedura abiatuta dauka eta izendapenaren zain dago eta, era berean, 2015ean bertan egonkortze lanak egingo zaizkio egitura arkitektonikoari, dagokion proiektuarekin.

Informazio guzti hau udal batzordeetan landu da, zein herritarrei begira antolatu diren batzar irekietan eta baita udalak erabiltzen dituen komunikazio kanaletan.

http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2015/01/06/gabonetako-oporren-ostean-has-daitezke-lekeitioko-lazunarri-moilako-lanak/