Albisteak

 

125 urte itxita egon den Abaroa gunea auzolanaren bidez zabaldu eta bere etorkizuna herritarrek erabakitzea nahi du udalak. Helburua, guztion artean Abaroa gunea berreskuratzea da eta horretarako ahal denik eta parte hartze zabalena lortu nahi da erabakietan.
 
Hori lortzera bidean, Lekeitioko udalak ohiko prozesu parte hartzailetik haratago doan prozesua planteatu du: ikerketa ekintza parte hartzailea.  Helburua lekeitiarrak prozesuaren sujetu bilakatu, Abaroa guneaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jartzea da. Nolako espazioa behar eta nahi dugu lekeitiarrok? Abaroa guneak funtzio bakarra edo anitza izan behar du?Nola berpiztu behar da abaroa? zein dira herritarrek eta herriko eragileek dituzten beharrak?nola antolatu eta asetu daitezke behar horiek abaroa gunean?nork kudeatu behar du? Gestioa konpartitua izan behar ahal da?

Zentzu honean, hiru asanblada egingo dira Ikusgarri Aretoan. Ostegunez eta arratsaldeko 19:00etan, irailaren 18an eta 25ean eta urriaren 9an deitu dira herritar zein eragileetako kideak ordu bete inguruko asanbladetara.

Horrez gain, hiru ekintza antolatu dira zapatuetan Abaroa Gunearen etorkizunaz pentsatzeko eta ideiak biltzeko. Lehena, irailaren 20an, Arkitektura Puzzlea deituriko ekimenean, espazioak antolatzea izango da helburua. 11:30etan Independentzia enparantzan izango da ekimena.

Urriaren 4an berriz, Gestioa Marraztuz ekintzaren barruan, antzeko proiektuen kudeaketa ereduak ikusi eta Abaroa Gunearentzat egokia izan daitekeen kudeaketa asmatzea izango da helburua.

Azkenik urriaren 18an, Abaroa Gunean bertan jai bat antolatu nahi da.

Udalak, gonbidapenak bidaliko ditu aste honetan etxerik etxe. Gainera, gaur aurkeztu berri dute abaroa gunearen bloga. Bertan proiektuaren nondik norakoak, gunearen zehaztapenak, eta parte hartzeko moduak aurkitu daitezke besteak beste.