Albisteak

 
  • Udalak 23.000 eurotako dirulaguntza eman dio elkarteari zine proiektorea erosi ahal izateko.
  • 532 herritarrek eman diote babesa proiektuari.
  • Udalak, goraipatu egin nahi du Zinemazaleen elkarteak egindako lana eta txalotu berau babestu duten ehundaka herritarrak.

Beste behin ere lekeitiarrok erakutsi dugu elkarlanean eta gogoekin, herritik eta herritarrentzat egindako proiektuak posible direla. Lekeitioko Udalak, goraipatu egin nahi du Zinemazaleen elkarteak egindako lana eta txalotu berau babestu duten ehundaka herritarrak.

2012an jakinarazi zigun Ikusgarri Aretoaren zine komertziala kudeatzen zuen Fides Norte S. Coop enpresak arazoak zituela bere lanarekin jarraitzeko. Herritarrek zinea galtzea suposatuko lukeenaz jabetuta, Fides Norte -en defizitari aurre egiteko hitzarmena sinatu zuen udalak: defizita izanez gero, gehienez urtean 15.000 euroko dirulaguntza hitzartu zen. Zine emanaldiak posible izateaz gain, udalak aretoa erabiltzeko eskubidea irabazi zuen hitzarmenarekin. Horrela mantendu genuen zinea 2012an baina 2013ko ekainerako zinearen balantze ekonomikoa defizitarioa izaten jarraitzen zuela eta Fides Nortek udalaren dirulaguntzarekin ere aurrera egin ezingo zuela adierazi zigun. 2013ko irailean utzi zion azkenik, Fides Nortek Ikusgarri Zinearen kudeaketari.

Lekeition kultur areto bat izatearen garrantziaz jabetuta, Udala Lekeitioko parrokiaren ordezkariekin harremanetan jarri zen eta aretoaren erabilera mantentzeko aukerez mintzatu ziren. Hori horrela, 2013ko irailean alokairu kontratu bat sinatu zuten bi aldeek. Honenbestez, Udalak, 2017ra arte aretoaren erabilera osoa berenganatu zuen. Kultur espazio bat mantendu eta herriratzea lortu zen horrela. Zinemazaleak beraien aldetik antolatzen hasi ziren eta proiektua definitu eta elkarte bihurtu ziren. Hau ikusi ostean, Udalak, adierazi zuen esku zabalik hartuko zituela zine komertziala eman ahal izatearen alde herritik sor daitezkeen ekimen ezberdinak eta horrela sortu berria zen zinemazaleen elkarteko kideekin batzartzen hasi ginen. Udala elkarlanerako prest zegoela erakutsi  eta bere esku dagoena egingo  zuela jakinarazi zitzaien elkartekoei.

Proiektua ekonomikoki bideragarria izateko, Zinemazaleen Elkarteak gutxienez 400 bazkide lortu behar zirela ikusi zuen eta horrela hasi zuten bazkide kanpaina. Herritarrek besoa luzatu eta 532 herritar bazkide egin dira. Hori horrela, udalak 23.000 eurotako dirulaguntza eman dio elkarteari zine proiektorea erosi ahal izateko. Laster beraz, zine emanaldi erregularra izango dugu Aretoan. Zentzu honetan, maiatzaren 17an, zapatuz, Zinemazaleen Elkarteak antolatu duen zine proiektore berriaren aurkezpenarekin bat egiten du Udalak eta herritarrak animatzen ditu bertaratzera.

Kultur egitarau sendoa Ikusgarri Aretoan
Zine emanaldiak izango ditugu berriro Ikusgarrin. Baina aretoko kultur egitaraua hori baino zabalagoa da. 2013ko irailetik ona, kultur programazio sendo bat bultzatu dugu bertan. Euskadiko Antzokien SAREAn sartu, eta antzerki, dantza eta musika emanaldiak aretoa bete dute askotan. Bertotik pasatu dira, Hamlet, Pankreas edota Konpota antzezlan bikainak.  Zentzu berean, udalarentzat oso garrantzitsua da horrelako kultur espazioak mantentzea eta herriratzea. Horregatik, Ikusgarri Aretoko arautegia onartu dugu apirilean eta, herriko kultur eta kirol taldeei eta gainerako eragileei eskaini zaie aretoaren erabilera. Helburua: guztion lanak batu eta kultur egitarau sendo bat eraikitzea aretoan. Dagoeneko zenbait elkartek programatu dituzte ekitaldiak Ikusgarri aretoan. Maiatzaren 16an, kasu, Iparraldeko Haizeak ekimenaren barruan bertso-saioa egingo da; eta ekainaren 25 eta 26an, Lekittoko Musika Eskolak musika emanaldiak antolatu ditu.