Albisteak

 

Lekeitioko Udalak jakin duenez, Lekeitioko islako moila edo “malekoia” konpontzeko aukera errealak daudela ziurtatu da. Orain dela hilabete batzuk aurkeztutako proiektua bere gain hartzeko asmoa erakutsi dio udalari Eusko Jaurlaritzaren baitan kokatzen den Portu Zuzendaritzak.

Lekeitioko udala, honen harira, Portu Zuzendaritzarekin harremanetan jarri da aurrerantzean egin beharrekoa bideratzeko. Portu zuzendaritza Itsasertz Mugartearen baimenaren zai dago orain. Zentzu honetan, Itsasertz Mugartearen partetik eragozpenik ez balego eta borondate hori erakusten den momentuan, proiektua bideragarri izateko aukera errealak daude.

Horregatik, Lekeitioko Udala eta Portu Zuzendaritzaren artean harremanak hartu eta biltzeko hitzordua jartzear gaude, azken urteetan islako moilan jaso diren gora behera guztiak ezagutu eta tartean emandako pauso guztiak ezagutu ostean, aurrerantzean egin beharreko lanak eta ardurak koordinatzeko. Era beran, islako moila honen berezitasun historiko eta arkeologikoak ere kontuan izateko beharrezko datuak mahaigaineratuko dira, proiektuak argi berdea jasotzen duen momentuan, interbentzioa ahal denik eta egokiena izan dadin.

Modu honetan, Lekeitioko Udalak bere esku dagoen lan guztia egiten ari da proiektua martxan jartzeko eta moilarekiko eskumenak dituzten administrazioekin egon beharreko elkarlana ziurtatzeko.