Albisteak

 

Lekeitioko Udalak Fides Norte S.Coop eta Lekeitioko Parrokiarekin zuen hitzarmenari jarraipena emango dio. Urtarrilaren 23an izandako bileran orainarteko balorazioa egin da.
 
Fides Norte S.Coop-ek, 2012an Lekeition 14.306,46€ko defizita izan duela frogatu dio Udalari. Hitzarmena urte erdirako izan zenez, Udalak 7.153,23€ko laguntza eman dio. 2013an ere, Lekeitioko Udalak bere lanildo garrantzitsu moduan, kultur egitasmoak sustatzea dauka.  Herritarrek Zinea galtzea suposatuko lukeenaz jabetuta, Fides Norte S. Coop-en defizitari aurre egiteko hitzarmenari jarraipena eman dio Udalak. Gehienez, 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du enpresak urtean. Parrokiak bere aldetik lokalaren errenta bere horretan mantenduko du (iaz jeitsi egin zuen).

Hitzarmenaren bitartez, herrian zine zerbitzua mantentzea lortu da eta bestetik zine komertzialaren ordutegitik kanpo, aretoaren erabilera eskuratu du udalak.  Ekainetik urtarrilera bertso saioa, Lingua Nabajorum antzerkia, Lekeitioko Musika Bandaren kontzertua, Euskal Zine Bilera eta bi film proiektatu dira (Barrura begiratzeko leihoak eta Gazta Zati bat). Izandako erabilerarekin pozik agertu da udala, eta 2013rako ahalegin berezi bat egingo du urteko programazio sendo bat izateko. Dagoeneko, aurreikusten da kultur sailetik, emakume eta berdintasun batzordetik, euskara batzordetik edota musika bandatik aretoa erabiltzeko gogoa.
 
Era berean, aurten Lekeitioko Udalak Ikusgarri aretoaren inguruko erabilera protokoloa zehaztuko du eta horrela herriko kultur eragileen eskura jarriko du aretoaren erabilera. Guztiok erabili dezakegun kultur espazio bat gehiago dugu herrian.

Udala eta Fides Nortes S Coop-en artean ere adostu da Ikusgarri Aretoaren eskaintzari buruzko komunikazio indartzeko bideak zabalduko direla. Hori horrela, zine eskaintza ahal den neurrian aurreratu egingo zaie herritarrei, panel elektronikoaren bitartez eta Udaleko web orrialde eta facebookaren bitartez. Bide batez, herritarrei animatzen zaie zine aretoa erabiltzera, bai zine komertziala ikusteko eta baita kultur ekintza ezberdinetan parte hartzeko.

2013ko ekainean  alde guztiak batu eta urtarriletik ekainera bitarteko balorazioa egingo da. Herritarren aldetik aretoaren erabilera positiboa bada, hitzarmenarekin jarraituko da.