Albisteak

 

Lekeitioko udalak, eguberri garaira begira, bi katalogo argitaratu ditu. Bata Jostailu Ez Sexistak Aukeratzeko Gida da eta bestea Ipuin eta Liburu ez Sexistak Aukeratzeko Gida.
 
Aurreko urtean, ekimenak izan zuen harrera ona ikusita, aurtengoan ere gidak ateratzea pentsatu da. Eguneratu eta berrausnartu egin dira, denontzat erabilgarriago izateko asmoarekin.

Ipuin eta jostailu askoren bitartez, konturatu barik askotan, pertsonak sexuka bereiztu eta genero estereotipoak transmititzen dira. Jolas eta ipuinen bitartez berdintasunean oinarrituriko baloreak transmititu daitezkeela uste dugu eta hori lortze aldera proposatu dira katologo hauek. Gainera, produktu hauetariko asko euskaraz azaltzen zaizkigunez, euskararen aldeko apustua ere egin genezake ekintza berean.

Ipuin eta Liburu ez Sexistak Aukeratzeko Gida.
Ipuin eta kontakizunak haurtzaroan irakurketari egiten zaion lehen hurbilketa dira eta pixka bat  aztertzen baditugu, genero estereotipoak transmititzen jarraitzen dituztela konturatuko gara. Pertsonaia maskulinoak ausartak, ebazpen-izaeradunak, abenturazaleak eta autonomo bezala deskribatzen dira. Pertsonaia femeninoak ordea, pasibo eta ziurtasun eta autonomia gabeko pertsonak bezala azaltzen dira. Bestalde, gizonei sentiberatasuna ukatzen zaie eta emakumea aldiz sentimentalkeriarekin lotzen dute. Zorionez, gainera, balore egokiak lantzen dituzten ipuin asko daude euskaraz argitaratuta. Beraz, txikitatik hezi ditzakegu gure haurrak parekidetasunean edo euskaraz. Hori dela eta, ipuinek transmititzen dituzten baloreetan arreta jarri behar dugu eta haurrak berdintasunean aurkezten dituzten liburuak hobetsi behar ditugu

Jostailu Ez Sexistak Aukeratzeko Gida
Haurtzaroa, bizitzako aldi erabakigarri bat da, etapa honetan zehar bizitako esperientziek behin behineko aztarna uzten dute. Gainera bizipen hauen bitartez, pertsonen rol sozialak, autoestimua, errespetua, lankidetza eta beste hainbat balore finkatzen dira. Umeek jolasen bitartez ezagutu eta besteekin erlazionatzen ikasten dute. Horregatik, oso garrantzitsua da erabiliko dituzten jolas eta jostailuen aukeraketa, hauen bitartez, inguruarekin interakzioa izatea lortzen dutelako.

Jolas eta ipuinek funtzio hezitzailea dute eta arrazoi horregatik ezin daiteke elementu neutraltzat hartu. Ez daude neskentzako edo mutilentzako diren jolasik. Jolasek ez dute sexurik. Pertsonak sexuka bereiztea erabaki kulturala da. Jolas sexistak egungo jendartearen isla dira, hain zuzen ere, gizonezkoak-maskulino eta emakumezkoak-femenino bezala antolatzen duen jendartearen ispilu.

Katalogo eta gidak aste honetan banatuko dira ikastetxeetan baina horrez gain, liburu eta jostailu dendetan jarriko dira herritar guztien eskura.

Ingurukoentzat opariren bat egiteko asmoa izatekotan, gida hauek kontuan hartzeko proposamena egin nahi dizuegu. Olentzero eta Mari Domingiri ere bidali dizkiegu.