Albisteak

 
ITXI EDO GALERAK IZAN DITUZTEN NEGOZIOEI ZUZENDUTAKO DIRU-LAGUNTZAK

COVID-19ak galera handiak sortu ditu negozioetan. Hauetako askok itxi egin behar izan dute alarma egoerak iraun bitartean edota fakturazioa zeharo jaitsi zaie.
Lekeitioko ostalari, merkatari edo autonomoa bazara edo mikroenpresa bat baduzu, diru-laguntzak jasotzeko aukera izango duzu ekainaren 1etik 9ra bitartean. Lekeitioko Udalak, Leartibai Garapen Agentziaren bidez, sektoreari bultzada emateko 100.000 euro bideratuko ditu. Ekimen hau Garapen Agentzia osatzen duten 6 udalerrien artean adostu da (Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa) eta Ziortza-Bolibar ere gehitu da ekimenera, eskualdeko sektoreei bultzada eman eta haien negozioak zabalik mantentzen laguntzeko.

Diru-laguntza hauen onuradunak hurrengo hauek dira: Alarma egoeraren deklarazioagatik itxita egotera derrigortuta egon direnak edota haien fakturazioa %75 baino gehiago murriztu duten negozioak. Laguntza hauen zenbatekoa gehienez 560 eurokoa izango da, 1.go epealdiari dagokionez martxoaren 15 eta maiatzaren 10a bitartean onuradun direnek, gehienez ere, 300 euro jaso ahal izango dituzte. Ondoren, eta ekainaren 28ra arte itxita izan behar dutenek asteko 37,50 euro gehiago jasoko dituzte.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 1etik 9ra arte egongo da irekita, horretarako Leartibai Garapen Agentziak Sabino Arana 14an duen bulegora hurbilduz edo
leartibai@leartibai.com helbide elektronikoaren bitartez dokumentazioa aurkeztuz.
Guzti honekin txikizkako merkataritzako, ostalaritzako eta beste zerbitzu batzuei haien negozioetan laguntza eskainiko zaie Leartibai Garapen Agentziaren bidez. Gainera, laguntza hauek bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzako beste sail edo erakunde autonomo batzuek eta beste administrazio edo erakundeek ematen dituztenekin.

Era berean, gogoratu Leartibai Garapen Agentziak aholkularitza eskaintzen duela bizi dugun egoera honetan arazoak dituzten establezimendu eta negozioek jaso ditzaketen laguntzak lortzeko. Ez galdu aukera, eman bultzada bat zure enpresari!