Albisteak

 
  • Azaroaren 14a baino lehen eman behar da izena.
  • Gurasoen edo familiako kideen parte hartzea eta inplikazioa oso garrantzitsua da, eta horregatik gonbidatu nahi dira bereziki guraso eta hezitzaileak.

Gabonetara begira Lekeitioko Udalak Bizkaiko Urtxintxa eskolaren laguntzarekin “Jolas, jostailu eta ipuin ez sexistak!” tailerra antolatu du. Jolas, jostailu eta ipuinen bitartez berdintasunean oinarrituriko baloreak transmititu daitezkeela uste du Udalak eta hori lortze aldera proposatu da tailer hau. Guraso, hezitzaile, irakasle eta gaiaren inguruan interesa duten guztiei begira eginiko ikastaroa da.

Ikastaroa azaroaren 19an egingo da arratsaldeko 17.30etatik 19.30etara Lekeitioko Gaztegunean.Tailer honen bidez  jolas, jostailu eta ipuinen bidez beste era bateko adibide eta rolak erakustea eta diskriminazio gabeko harreman berriak landu nahi dira. Ikastaroan hainbat jolas, jostailu eta ipuin landuko dira. Erreminta horiek haurraren garapenean garrantzi handia hartzen dute. Jolastuz eta abestuz, haurrek zenbait gaitasun eta trebezia garatzen dituzte.  Eremu honetan, gurasoen edo familiako kideen parte hartzea eta inplikazioa oso garrantzitsua da, eta horregatik gonbidatu nahi dira bereziki guraso eta hezitzaileak.

Jolas, jostailu eta ipuinek funtzio hezitzailea dute eta arrazoi horregatik ezin daiteke elementu neutraltzat hartu. Ez daude neskentzako edo mutilentzako diren jolasik. Jolasek ez dute sexurik. Jolas sexistak egungo jendartearen isla dira, hain zuzen ere, gizonezkoak-maskulino eta emakumezkoak-femenino bezala antolatzen duen jendartearen ispilu. Haurtzaroa, bizitzako aldi erabakigarri bat izanik, etapa honetan zehar bizitako esperientziek behin behineko aztarna uzten dute. Gainera bizipen hauen bitartez, pertsonen rol sozialak, autoestimua, errespetua, lankidetza eta beste hainbat balore finkatzen dira. Umeek jolasen bitartez ezagutu eta besteekin erlazionatzen ikasten dute. Horregatik, oso garrantzitsua da erabiliko dituzten jolas eta jostailuen aukeraketa, hauen bitartez, inguruarekin interakzioa izatea lortzen dutelako.

Ipuin eta kontakizunak haurtzaroan irakurketari egiten zaion lehen hurbilketa dira eta pixka bat  aztertzen baditugu, genero estereotipoak transmititzen jarraitzen dituztela konturatuko gara. Pertsonaia maskulinoak ausartak, ebazpen-izaeradunak, abenturazaleak eta autonomo bezala deskribatzen dira. Pertsonaia femeninoak ordea, pasibo eta ziurtasun eta autonomia gabeko pertsonak bezala azaltzen dira. Bestalde, gizonei sentiberatasuna ukatzen zaie eta emakumea aldiz sentimentalkeriarekin lotzen dute. Zorionez, gainera, balore egokiak lantzen dituzten ipuin asko daude euskaraz argitaratuta. Beraz, txikitatik hezi ditzakegu gure haurrak parekidetasunean eta euskaraz. Hori dela eta, ipuinek transmititzen dituzten baloreetan arreta jarri behar dugu eta haurrak berdintasunean aurkezten dituzten liburuak hobetsi behar ditugu

Izena eman nahi duenak, azaroaren 14a bailo lehen, euro baten truke egin dezake udaletxera hurbilduta, 94 603 41 00 zenbakira deituta edo berdintasuna@lekeitio.com helbidera idatzita. Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da baina beti bezala aldez aurretik eskatu beharko da.