Albisteak

 

Lekeitioko Udalak, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adostu eta ezarri nahi ditu herritarrekin. Ahalegin hau herritar eta eragileekin (talde autoktonoak izan zein jatorri aniztasuna dutenekin) elkarlanean egin nahi du udalak, euren ikuspegia ezagutu eta aurrera begirakoak adostasunean finkatzeko. Beti ere, aniztasuna aberastasun moduan ulertuta. Egitasmo honek herriko kultura-aniztasuna eta elkarbizitzarako oinarriak finkatzeko gunea izan nahi du, eta hau egiterakoan bereziki zainduko da parte hartzaileen aniztasuna.

Aniztasun planak migrazioak eta migrazio horien ondorioak kudeatzeko oinarrizko tresnak dira udalarentzat. Plan honek hainbat urtetarako iparra zehazten dio Udalari, helburu eta estrategia orokorrak definituz eta urteroko ekintza planak martxan jarriz. Egungo datuen arabera, herritarren %6.25 Lekeitiora migratutakoak dira.

Euskal Herrian migrazioaren gaia gure historiaren azken hamarkada luzeetan presente egon den fenomenoa
da. Euskaldunak Euskal Herritik kanpora atera izan gara (batez ere Ameriketara); eta euskal gizarteak estatu
espainiarretik etorritako bizilagunak (industrializazio garaiko langileak batez ere) jaso izan ditu.  Azken hamarkadetan ordea migrazio joerak aldatu egin dira: Estatu espainoletik kanpoko migrazioa jaso dugu eta euskaldunak ere beste herrialdeetara alde egin dugu lan eskaintza hobeagoen bila. Hau guztia dela eta, kultura-aniztasunaren gaia kudeatzeko premia badagoela ikusten du udalak.

3 saio izango dira.
Herriko pertsonen esperientziak oinarritzat hartuta lan egingo dugu. Beraien ikuspegi, bizipen eta gaiarekiko espektatibak kontuan hartu eta dinamika parte hartzaileen bidez gogoeta kolektiboa egin, besteen lekuan jartzea ahalbidetu eta aurrera begirako ildo komunak definitu eta adostu nahi dira, elkarbizitza osasuntsua lortzeko aldaketarako giltza izan dadin.

Saio hauekin egingo duguna, aniztasun plan osatu eta xehatu baten aurreko fasea da. Plana erabat praktikoa
izango da, eta bere aplikazio praktikoa erraztuko duten ildo nagusiak identifikatzeko balioko du. Ez da kaxoian geratuko den plan bat, herritar eta eragileekin adostutako ildo nagusien zerrenda baizik.

Aurreko astean egin zen lehen saioa eta bertan hainbat herritarrek eta eragilek parte hartu zuten. Partehartzaileak herriko kultur aniztasunaz ohartu ziren, pertsepzioak ezagutu eta topikoak apurtzen saiatu ziren. Guztien artean elkarbizitzarako aurkitzen dituzten arazoak identifikatu zituzten. Elkarrekin harremantzeko dituzten arazoak aipatu zituzten, eta elkar ezagutzeko ekintzak edota espazioak bultzatu behar direla gaineratu zuten.

Bigarren saioa egiteko, Martxoaren 17an elkartzea proposatzen da Gazte Gunean arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara. Lehen saioko hausnarketa oinarri hartuta, elkarbizitza eta elkar ezagutza areagotzeko zer egin daitekeen adosten saiatuko gara.  Hori horrela, udalak dei egiten die interesa duten herritrarrei lan saio honetara hurbiltzeko.

Azkenik, Apirilaren 21ean, aurreko saioan adostutako akordioak kontuan hartuta, elkarbizitza planerako ildo nagusiak adostea izango da hirugarren eta azken saio honen egitekoa. Hau da, hurrengo urteetan plan estrategiko bat egin ahal izateko oinarriak  markatzea izango da helburua.