Albisteak

 
Honen bidez, KURIK aldizkariaren arduradun garen Iñaki Goiogana, Aitor Iturbe eta Maite Garamendik, Ugartechea eta Valle de Lersundi familiek gure aldizkariaren 2. zenbakian argitaratu dugun sail baten gainean izan dituzten kexei erantzutera eta gure azalpenak ematera gatoz.

Minduta agertu zaizkigu, eta minduta hurbildu dira gugana eta Udalera zuzenketak eskatuz gure aldizkarian, eta BT (Beraneante txarriak) sailean, esan ditugunengatik.

Ulertu dugunez, mina eman diena beraien gurasoak “Beraneantetzat” eta “Beraneante txarritzat” hartzeak dira. Hitzez hitz, Ugartechea eta Valle de Lersundi familiengandik hartu ditugun eskutitzetan honako esaldiak irakurri daitezke: “Gure aita Joaquin agertzen da beraneante txarria bezala definituta”, (Pilar del Valle de Lersundi, 2016-07-18) “Citar siquiera a mi padre en la sección BT (Beraneante txarriak), como habéis hecho, lo considero, primero, un error y luego una falta de respeto a su memoria” (Manu Ugartechea, 2016-7-21).

Gure asmoa sail hori sortzerakoan, sinatu barik ageri den notan esaten den legez, honako hau zen: “Lekeitio maite izan duten beraneante batzuk aurkeztuko dizkizuegu atal berri honetan” eta, honekin batera, “Tartetxo honek balio dezala eskertzeko, jaiotzaz ez baziren ere, -inork ez du aukeratzen non jaioko den- bihotzez lekeitiarrak ziren horien lana.”

Beraz, gure asmoa Lekeitioren alde, lekeitiarrak ez izan arren, egindako lana eskertzea eta pertsona hauek goraipatzea eta omentzea zen.

Arrazoi duzue, gu ez gara inor lekeitiartasun karnetik banatzen ibiltzeko. Edozein modutan, guk sail horri izena jartzerakoan baten bat iraindu edo antzeko zerbait egitea ikusteak, ez du esan nahi luze begiratzea denik, egon ez dagoena irudikatzea baino.

Bestalde, baten bat lekeitiartzat ez jotzea ez deritzogu inongo ogena denik. Txotxolo galantak ginateke hirurok hirurotara ere, bat bera ere ez da-eta herri honetan jaioa, gainera hirurok hirurotara Lekeitiotik kanpora urteetan bizi izandakoak garelarik.

Hori nahiko ez bada, beraneantetzat inor hartzea pertsona hori destainez hartzen ez dugula erakusteko nahikoa litzatekeelakoan gaude esanez gutariko bat oporretan gure artera etortzen zen bategaz ezkondua dagoela.

Izenari izenordea ere gehitzen genion sailaren izenburuan: “txarriak”. Ezegokitzat, destaintzat eta iraintzat hartu duzue. Ez zen hori gure asmoa, ezta gutxiagorik ere.

Horren erakusgarri, esango dugu ez dela erraza ulertzen zelan lotu daitezkeen iraina eta omena. Eta ematen du, biak egin ditugula, batetik lorez jantzi gizona eta bestetik harrika egin.

Halanda be, biak egin ditugula? Bistakoa da zuentzat baietz, gutxienez destainarena eta irainarena egin ditugula. Guk bestea diogu, omenarena betetzen behintzat ahalegindu garela. Ze, bestela, ezin dugu ulertu iraindu besterik nahi izan ez bagenuen, zergatik eskatuko genion familiako bati artikulua egiteko? Txarto esatea bazen asmoa, puntatik hondoraino idatziko genuen geuk, ez izenburua bakarrik. Irainen bat ezkutuan gehitu nahi izan bagenuen, ordea, artikulua oker itzultzea besterik ez genuen. Ba, ez, gure asmoa alabak idatzia zegoen bestean uztea izan zen. Horregatik utzi genuen erdaraz, erdaraz utzi genuen legez beste artikulu bat ere (Tere Osesen “En casa de Santi”), egileak egin bestean ikustea gustatuko litzaiokeelakoan. Errespetua zen bete nahi genuen hitza, ez besterik, inondik inora ez iraina.

Baina, zergatik “Txarriarena”? Ba, besterik barik, Lekeition lagun artean, kaleko giroan erabiltzen den, edo zen, esamolde bat delako. Horregatik diogu sinatu gabeko sarrera horretan: “Zorionez, esajerazio horiek amaitu dira. Egun beraneanteak dira, abizen barik, hurrengoan, igual, udatiarrak izango dira”.

Herriko esamolde bat delako, baita ere, hartu genuen “Sagar lapurretan” esakera, beste sail bati izenburua jartzeko. Hain zuzen ere, beste aldizkari edo argitalpen batzuetatik harturiko lanak aurkezteko, ez behintzat inoren ortuan sartu eta lapurretan egitea zilegi begitantzen zaigulako.

Txarriak izenordea erabiltzea ez dela egokia izan eta ez genuela erabili behar? Ez, ez da egokia izan eta ez genuen erabili behar, ez ikusita esamolde horrek eragin duen mina. Baina, zinez diogu, eta horretara hartu mesedez, gure asmoa Joaquin del Valle de Lersundi omentzea zen, ez iraintzea. Gizon horren lanak errespeturik handiena merezi digu, eta Joaquinen pertsonak zer esanik ere ez. Jakinda ere, berak merezi beste emateko gauza ez ginela, ahalegindu nahi izan genuen merezi duenaren apur bat ematen behintzat. Beste hainbeste, Juan Manu Ugartechea Lekeitioko semeaz esan genezakeena. Guk beraneantetzat hartu arren, Lekeition jaioa, beste edozein beste lekeitiarra, hori gure akatsa.

Amaitzeko, gauza bi. Bata, esan gure asmoa ez dela izan inor iraintzea. Alderantziz, gure intentzioa Joaquin del Valle de Lersundi omentzea izan dela. Eta, bi, parka eskatzea gure aldizkariko sail horri ipini genion izenburu okerrarengatik, eta horren bitartez eragin dugun minagatik.

Gure KURIK aldizkaria, horixe da: gure. Baina inork ez dezala pentsa “gure” diogunean eskutitz hau izenpetzen dugunona bakarrik dela. Hiruron iritzian, “gure” horrek nahi beste lagun hartzeko leku dauka, eta ondo baino hobeto dakigu irainez eta destainez inor ez dugula KURIKera hurbilduko. Horregatik, sinistu, mesedez, esapide oker horrek, “Beraneante txarriak”, zuek mintzeak gu ere mindu gaituela, asko gainera.

Besterik barik, agur

Lekeition, 2016ko uztailaren 21ean

Iñaki Goiogana, Aitor Iturbe, Maite Garamendi