Albisteak

 
Uztail honen 15ean, ostirala, arratsaldeko 6:30ean, Barandiaran aretoan, Kurik aldizkariaren aurkezpena izango da.

Kultur ondarea jorratzen duen Lekeitioko Udalaren aldizkariaren bigarren zenbaki honetan bakailaoa da gai nagusia, eta horren inguruan landutako hainbat artikulu batu dituzte Kuriken argitaratzeko. Hasi Santa Katalinako koban urteetan zehar burutu diren indusketa arkeologikoek emandako emaitzak –bertan aurkitu zuten arrantzaturiko bakailao baten hezur arrastorik zaharrena Europan-, Lekeitioko Udal Artxiboan aurkitu den Ternuan izan ziren Hego Euskal Herriko arrantzaleen dokumenturik zaharrena, hain zuzen bakailaoaren harrapaketaren gainekoa, edo Santi tabernako errezeta liburua.

Bakailaoari buruzko artikuluez gain, kostaldeko herrien arteko liskarrak islatzen dituen artikulu bi batzen ditu Kurikek, bata, Aeroplano bi pasa-ta… kantaren ingurukoa eta, bestea, estropaden gainekoa.

Horrez gain, Lekeitioko Parrokiako musikoen gaineko jakingarriak, kabanei buruzko artikulua, talaieroen gainekoa, Eusko Jaurlaritzak Lea ibai-arroan bertako ondare historiko aberatsa zaintzeko egin asmo duen planari buruzko erreportajea, liburu berrien gaineko erreseinak eta beste hainbat idatzi, ia 200 orriko liburu bat osatzeraino.

Bestalde, aurkezpenarekin batera, aldizkaria osatzeko erabili izan diren hainbat irudiren erakusketa izango da Barandiaran aretoan bertan. Guzti hau ikusteko plazako Barandiaran aretoa asteburuan zehar zabalik egongo da honako ordutegian: 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:30era.

Kurik 20 eurotan salduko da ohiko tokietan.