Albisteak

 

Kirolak eta jarduera fisikoak gaur egungo gizartean ezinbesteko garrantzia daukate. Horretarako udalak denboran zehar instalazio ezberdinak jarri ditu erabiltzaileen mesedetan.

Orain dela 14 urte, kiroldegiaren bilakaeraren hasieran, udalean zegoen Gobernu Taldeak kirol teknikari baten beharrizana sumatu zuen, batez ere kirol praktikatzaileen gorakada ikusita.

Urteetan zehar kirol arloak hartu duen dimentsioa dela-eta, hausnarketa sakon bat ematea ezinbestekoa zela ikusi zen. Behin hausnarketa eginda, udalak kirol zerbitzuaren kudeaketa, berrantolaketa eta zuzendaritza eramango duen teknikari baten premia ikusi du. Horregatik Lekeitioko Udalak, Kirol Erakundea kudeatuko duen enpresa edo autonomo bat kontratatzeko, negoziazio bidezko prozedura bat eramango du aurrera. Kontratuaren iraunaldia urtebetekoa izango da, beste urte betean luza daitekeena. Eta horretarako 40.000 (BEZ gabe) euroko aurrekontua izango da. Oinarriak udaleko webgunean daude ikusgai.

Udalak dagoeneko egin dizkie gonbidapenak zenbait enpresari. Hala eta guztiz ere, interesatuta egon daitezkeen beste enpresa edo norbanakoei ere deia egin nahi zaie, euren proposamenak aurkezteko.

Erakunde horren dinamizazioa eramango lukeen teknikariaren zereginak, besteak beste, hauek lirateke: kiroldegiko zuzendaritzaz eta funtzionamendu egokiaz arduratzea, bertara atxikirik dauden giza eta material baliabideak antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea, zehazturiko politikak jarraitzea eta udalerriko kirol eremuetako programak eta jarduerak antolatu, dinamizatu eta garatzea.

Zerbitzuaz arduratuko den teknikariaren perfilari dagokionez, hauxe baloratuko da: kirolean diharduten eragile eta norbanakoekiko dinamizazio gaitasuna izatea eta pertsona aktiboa izatea. Horretarako kirolarekiko eta kudeaketarekiko ezagupena eta eskarmentua kontuan hartuko dira. Teknikaria, halaber, Soin Hezkuntzan lizentziatua (IVEF) izan beharko da, eta EGA titulua edo baliokidearen jabea. Horrez gain, enpresen kudeaketan graduondokoa edukitzea baloratuko da.