Albisteak

 
  • Alberto Gonzalez de la Fuente da, uztailaren 1etik udalaren kirol zerbitzuko zuzendaria.
  • Monitore eta sorosleak kontratatzeko lan poltsak zabalduko dira bihar.
  • Kirol Erakundeko langileek udaleko langile izaten jarraituko dute, esleipen honek soilik zuzendaritzari eragiten baitio.

Kirolak eta jarduera fisikoak gaur egungo gizartean ezinbesteko garrantzia daukate. Udalaren zeregina eta lehentasuna da beraz, herritarrei kirol instalazio eta zerbitzuak eskaintzea.

Urteetan zehar kirol arloak hartu duen dimentsioa dela-eta, sakon hausnartzeari ezinbesteko iritzi zion udal honek. Udalak, bada, orduan ikusi zuen kirol zerbitzuaren kudeaketa, berrantolaketa eta zuzendaritza eramango duen teknikari baten premia. Indarrean dagoen legediak, baina, ez dio ahalmenik ematen “Enpleguaren Eskaintza Publikorik” sortzeko. Beraz enpresa edo autonomo baten bitartez estali dezake bakar-bakarrik lanpostu hori. Horretarako, negoziazio bidezko prozedura bat eraman zuen aurrera; eta jada, zuzendari berria izendatu du.

Alberto Gonzalez de la Fuente da uztailaren 1etik udalaren kirol zerbitzuaren dinamizazio lanak bere gain hartuko dituena. Berau Emtesport enpresaren babespean kontratatu da eta SHEE-IVEF ikasketez gain, “Kirol Kudeaketan” Masterra eginda dauka. Portugaleteko kiroldegian zein Arabako Euskal Pilota Elkartean kirol teknikari lan egin du eta Santurtzi zein Portugaleteko kiroldegi eta ikastetxeetan ere irakasle aritu izan da. Lekeition Kirol Erakundearen dinamizazioa aurrera eramatea izango da bere zeregina, beti ere udalak ezarritako kirol irizpideen barnean. Hauek izango dira, beraz, bere zereginak: kiroldegiko zuzendaritzaz eta funtzionamendu egokiaz arduratzea, bertara atxikirik dauden giza eta material baliabideak antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea, zehazturiko politikak jarraitzea eta udalerriko kirol eremuetako programak eta jarduerak antolatu, dinamizatu eta garatzea. Bestalde, Kirol Erakundeko langileek udaleko langile izaten jarraituko dute, esleipen honek zuzendaritzari soilik eragiten baitio.