Albisteak

 

Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkate izendatu dute gaur ospatutako bilkuran

 

Lekeitioko Udalbatza eratzeko bilkura ospatu da gaur udaletxeko batzar aretoan eta bertan Koldo Goitia Markuerkiaga izan da alkate bezala aukeratua.

Alkateak adierazten duenez, "Nirentzat ohore handi bat da hurrengo lau urteetan ere Lekeitioko alkatea izatea, ahalegin guztiak egingo ditut Lekeitio eta lekittaren interesak defendatzeko"

Gogora dezagun, EAJ-PNV alderdiak 2.300 boto eta 7 zinegotzi atera zituela maiatzaren 26an egindako udal hauteskundeetan eta EH-Bilduk 1.871 boto eta 6 zinegotzi. Hori horrela, gaurko bozketan Koldo Goitia Markuerkiaga izan da aukeratua, bere aldeko 7 boto izan ostean.

Horren harira, alkatearen hitzetan "eskerrak eman nahiko nituzke azken lau urteetan egon diren zinegotzi guztiei, eta baita, estrainatzen diren zinegotzi berriei. Ziur nago gaur hemen gauden 13 pertsonak Lekeitio eta lekittarren alde lan egingo dugula, zintzotasunez eta erantzukizunarekin".

Hurrengo legealdiari begira, "hurrengo lau urteak ere ilusioz hartzen ditugu, Lekeitiok dituen erronkei aurre egiteko" azaltzen du Koldok eta nabarmen azpimarratzen du "Herritarrak entzun eta euren arazoei irtenbidea bilatu, hurbiltasuna, Lekeitiorako eta lekittarrentzako proposamenak egin eta aurrera atera, elkarlana eta, nola ez, Lekeitio eta lekittarrak izango dira legealdi onen ardatzak".

"Herri honetan sentsibilitate desberdinak daude: argi geratu da hauteskundeetan, baina denon alkatea izango naiz, denontzako egingo dut lan. Garrantzitsuena ez da alde batekoa edo bestekoa izatea, benetan inporta duena da zuzen jokatzea, egin beharrekoak egitea eta ondo egitea, elkarrekin. Denon artean, denon alde, inor alde batera utzi gabe".

Bigarren legealdia izango da beraz Koldo Goitia Markuerkiagarentzat.