Albisteak

 
Kontsumobidek jakin du Euskadiko zenbait etxebizitzatan atsedenarekin eta osasunarekin erlazionaturiko produktuak eta koltxoiak eskaintzen ari direla. Kontsumoko Euskal Institutoak herritarrei adierazten die kontuz eta arretaz ibiltzeko merkataritza-modalitate horren bitartez produktuak erosterakoan. Alde horretatik, gogorarazi nahi ditu establezimendu komertzialetik kanpoko produktuak erosi aurretik kontuan izan beharreko oinarrizko aholku batzuk.

Gogoratu:

  • Ziurtatu saltzailearen nortasuna. Egiaztatu benetan enpresa horretan lan egiten duela.
  • Saltzailearen presioa ekidin. Kontratua sinatu baino lehen, pentsatu benetan interesatzen zaizun.
  • Kontratua sinatu aurretik, lasai irakurri.
  • Ez fidatu helbide gisa posta-kutxa bat ageri bada kontratuan.
  • 'Mirari-produktuei' buruzko iragarki eta propagandaren aurrean jarrera arrazoitu eta kritikoa izan.
  • Galdetu produktua aldatu edo itzuli daitekeen. Arreta berezia jarri beharko da koltxoi berri bat erosten den kasuan eta  erosketarekin batera koltxoi zaharra eramaten dutenean. Kasu horretan, itzulketa eskatzen bada, zailtasunak egon daitezke koltxoi zaharra berreskuratzeko.
  • Gorde ordainagiri guztiak. Beharrezkoak dira eskuratutako produktu edo zerbitzuaren bermea aplikatzeko edo edozein erreklamazio egiteko.
  • Publizitatea beti loteslea da eta, ondorioz, komeni da gordetzea, balizko ez-betetzeen aurrean froga gisa erabili baitaiteke.

Atzera egiteko eskubidea:

  • Kontuan izan, kontratuaren kopiaz gain atzera egiteko agiri bat eman behar duela, alegia, kontratu hori ondoriorik gabe uzteko agiria, berariaz jasotzen duena kontratuan atzera egiteko eskubidea badagoela, eta hori baliatzearen baldintza eta ondorioak. Azken dokumentu horretan data jarri eta sinatu egin behar du kontsumitzaileak.
  • Atzera egiteko eskubidea baliarazteko epea 14 egun naturalekoa da, eta kontsumitzaileak produktua jasotzen duen momentutik hasiko da kontatzen. Epe horren barruan produktua bueltatu ahal izango du eta, hala, ordaindutako dirua berreskuratu. Hala ere, baldin eta enpresak ez badu kontsumitzaileei eta erabiltzaileei aipatutako eskubidea gauzatzeko aukeraren gaineko informazioa eta dokumentazioa eskaintzeko betebeharra gauzatu, kontsumitzaileak 12 hilabete gehiago izango du atzera egiteko eskubideaz baliatzeko.
  • Kontratuan atzera egiten bada, saltzaileak gehienez ere 14 eguneko epean itzuli beharko du ordaindutakoa. Enpresak epe hori gainditzen badu, bikoitza erreklamatu ahal izango zaio.
  • Kontratua kreditu batekin finantzatu bada eta atzera egitea aurrez ezarritako epe barruan egiten bada, finantziazio-kontratua zigorrik gabe deuseztatuko da.
  • Kontsumitzaileari dagokio frogatzea atzera egiteko eskubidea gauzatu duela. Hori dela eta, komenigarria da enpresari egindako jakinarazpena behar bezala dokumentatuta izatea (burofax, gutun ziurtatua, fax edo posta elektronikoaren bidez).
  • Atzera egiteko eskubidea baliatzeak ez dio inolako gasturik eragingo kontsumitzaileari, baldin eta kontratuan produktua itzultzearen gastuak kontsumitzaileak ordainduko dituela zehazten ez bada eta hala jakinarazi bazaio.