Albisteak

 

Deialdi honen helburua, Lekeitioko kultur eta natur ondareari dagozkien edukin-fitxa batzuk egitea da. Fitxa horiek herriko ikastetxeetako irakasleek erabiliko lituzkete kurrikulumak osatzeko.

Lekeitiarrek beraien herriko eta inguruetako natur eta kultur ondarea ondo ezagutzea, oso positiboa litzateke. Hau bultzatzeko lan-talde bat sortu zen hezkuntza batzordetik. Helburua da etorkizuneko 16 urteko gazteek  izango duten herriko ondarearekiko ezagutza maila aberatsa izatea. Lan-taldean, irakasle talde batek eta Lekeitioko Udaleko artxibo teknikariak parte hartzen dute eta hezkuntza eta kultur zinegotziak lana gainbegiratzen du.

Horretarako, Lekeitioko Udalak, lan-bekarako deia egiten du.

1. XEDEA

Egin beharreko lana ondorengoa izango da: Lekeitiori buruzko bibliografia sakon begiratu (monografiak, aldizkariak, solteko artikuluak, etab.) eta I. eranskinean dauden gai bakoitzari buruzko dossier bat egitea. Dossierrak, posible denean, azken ikerketen arabera egindakoak izan beharko dira. Baita 16 urteko ikasle batentzako ulergarriak, argiak eta zehatzak. Material lagungarria ere bildu beharko da gai bakoitzeko (argazkiak, planoak, ilustrazioak, etab.).
Lana, Lekeitioko Udaleko artxibo teknikariaren zuzendaritzapean egingo da.
Bekaren iraupena, gehienez ere 6 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, beste hilabete batez luza daiteke, epaimahaiak hala irizten badio.

2. ONURADUNAK

Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lan-taldeek jaso ahalko dute. Bigarren kasu honetan, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldeek lanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko dute.
Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da goi-mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, gutxienez taldekide batek bete beharko du baldintza hau.

3. IZEN EMATE TOKIA

Izen ematea eta eskatutako agiriak Lekeitioko Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dira, edo prozedura administratiboaren legeak ezarritako eran. Agiri guztiak sobre zarratu batean aurkeztu beharko dira.

4. AURKEZPEN EPEA ETA PROZEDURA

Deialdi hau Lekeitioko Udalaren webgunean argitaratuko da eta dokumentazioa Udaletxeko erregistroan aurkezteko azken eguna 2017ko apirilaren 21a izango da.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe balego edo oinarrietako baldintzaren bat beteko ez balu, hamar egun naturaleko epea emango zaio interesdunari  akatsak zuzendu edota dagokion dokumentazioa gehitzeko.

Beka jasotzen duenak ziurtagiri bidez aurkeztu beharko ditu zehaztutako ikasketak eta lan eskarmentua, lanean hasi aurretik.

5. AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

• Izen-emate eskabidea: bertan izen-abizenak, helbidea, harremanetarako telefono zenbakiak eta posta elektronikoa idatzi beharko dira.
• Curriculuma, egindako ikasketa eta ikerketak zehaztuta. Lan-taldeen kasuan, partaide guztienak.
• Zerga obligazioak egunera dituela frogatzen duen egiaztagiria.
• Proiektu proposamena.
Bertan ondorengoak jasoko dira:
- Lanerako plana eta kronograma.
- Metodologia.
- Interesatuaren esperientzia.
• Arial 10 letra-tipoan idatzi behar dira bai proiektua eta bai kurrikuluma.
• Proiektua euskaraz aurkeztu behar da.
• Lekeitioko Udalak beka jasotzaileari edo jasotzaileei aipaturiko gaien gaineko informazio osagarria eskatu ahal izango dio/e.
• Hala badagokio, taldeko ordezkari bakar bat izendatu beharko da, taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko. Taldea onuradun proposatutako balitz, beka emateko erabakia baino lehen izendatu beharko litzateke arduraduna.
• Taldea ezingo litzateke desegin, 38/2003/ Legearen 39 eta 65. artikuluetan aurrikusten den preskripzio-epea gainditu arte.

6. BEKAREN ZENBATEKOA

Deialdi honetarako diru-kopurua HIRU MILA EURO da (3.000,00 €). Zehaztutako epean zehar sor daitezkeen gastu guztiak ikerketa bekaren onuradunaren kontura izango dira.

7. ORDAINKETA BIDEA

Beka, ondoren zehaztu bezala ordainduko zaie onuradunei:
- Beka onartzerakoan, 1.500,00 €.
- Proiektua amaituta, 1.500,00 €.

8. ESLEIPEN PROZEDURA

Hasieran aipatutako lan-taldeak proiektuak ebaluatuko ditu eta bat hautatuko du.
Ondorengo balorazio irizpideak izango dituzte kontutan:
- Eskatzailearen curriculuma.
- Proiektuaren zuzentasuna eta bideragarritasuna.
- Herriko eta inguruetako ondarearen ezagutza maila.
Aurkezten denari/direnei elkarrizketa egin ahalko zaio/e, Epaimahaiak hala irizten badio.
Batzordearen erabaki-proposamena apelaezina izango da interesatuen partetik. Proposamena kontutan izanda, azken erabakia alkateak hartuko du eta udaleko web gunean eta ohar taulan argitaratuko da.
Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauetan jasotakoa eta erabakia onartzen direla esan nahi du.
Proiektuak ebaluatuko dituen lan-taldeak, ez ditu lan bakoitzaren egile edo egileak nortzuk diren ezagutuko; beraz, aukeraketa anonimotasuna gordez egingo da.
Aurkeztutako proiektuek ez badute beharrezko onespena jasotzen, beka deialdia eman gabe gera  daiteke.
Beka jaso gabe geratzen diren proiektuak, egileak berak edo honek idatziz baimenduriko pertsona batek jaso ahal izango ditu Lekeitioko udaletxeko erregistro bulegotik, erabakia argitaratu eta hamar eguneko epean.
Oinarrietan jaso gabeko egoerak Epaimahaiak ebatziko ditu.

9. ONURADUNAREN BETEBEHARRAK

- Oinarri hauetan jasotakotik eratorritako erabaki guztiak betetzea.
- Idatziz jakinaraztea beka onartzen duela, hamar egun naturaleko epean (bekaren esleipena jakinarazi zaionetik). Beka itzultzeko konpromisoa adierazi beharko du aurreikusitako lan programa bete ezin badu.
- Bekaren helburuei lotutako lan programa garatzea.
- Onuradunak egindako lana, paperezko eta digital formatuan aurkeztu beharko du, gaiak ondo banatuta eta aurkibide batek lagunduta.
- Egileak, erabili duen bibliografia aipatu beharko du egiten duen fitxa bakoitzean.
- Lanaren egileak Lekeitioko Udalari utziko dio lana erabili eta argitaratzeko eskubidea. Lekeitioko Udalak, bere aldetik, argitalpen guztietan ezarriko du egilearen izena. Egileak, egindako lana beste zerbaiterako erabili nahi izanez gero, aipatu egin beharko du Lekeitioko Udalaren babespean egindako lana dela.

 

Lekeition, 2017ko martxoaren 27an.

 

I. ERANSKINA

0.- GEOGRAFIA
0.1.- Geografia fisikoa.
0.1.2.Geomorfologia.  Paisaiaren eraketa. Itsasoa eta errekaren eragina. Mareak. Karsta (kobak). Padura. Ramon Adan de Yarza geologoa (Euskal Herriko karta geologikoa).
0.1.3.- Klimatologia. Itsasoaren eragina.
0.2.- Giza geografia (gaur eguneko argazkia).
0.2.1.- Biztanleria.
0.2.2.- Migrazio mugimenduak.
0.2.3.- Jarduera ekonomikoak.
0.3.- Lurreko eta itsasoko ekosistemak (gaur eguneko argazkia).
0.3.1.- Flora.
0.3.2.- Fauna.
1.- HISTORIAURREA. Inguruko kobetako aztarnak.
1.1.- Jose Miguel Barandiaran.
1.2.- Goi-paleolitotik erromatarren garaira arteko sekuentzia.
1.3.- Santa Katalina.
1.4.- Lumentxa.
1.5.- Armintxe.
1.6.- Atxurra (Berritxu).
2.- ERROMATARREN SASOIKO AZTARNAK.
2.1.- Lumentxako koban aurkitutakoak eta altxorren bat.
2.2.- 1994ko ikerketa arkeologikoa.
2.3.- Portusa. Kabotajea. Terra sigilata. Toponimia.
3.- ERDI AROA.
3.1.- Lekeitio elizate.
3.2.- Hiri-gutuna.
3.3.- Harresia. Suhesia.
3.4.- Leinuen gerrak: Likonatarrak eta Yarzatarrak.
3.5.- Dominiken komentua.
3.6.- Gotikoa: Santa Maria eliza. Erretaula.
3.7.- Nagusitza erakusteko dorretxeak.
3.8.- Iñigo de Artieta: armadorea, kapitaina, korsarioa.
3.9.- Amerika: Txatxo kontramaisua.
4.- ARO MODERNOA.
4.1.- Marierrota.
4.2.- Freilak eta serorak islako komentuan.
4.3.- Frantziskotarrak islako komentuan.
4.4.- Ermitak edo baselizak.
4.5.- Barrokoa: San Jose edo konpainiako eliza, udaletxea, jauregiak.
4.6.- Gotorlekuak.
5.- GARAIKIDEA.
5.1.- Frantziarren okupazioa eta ingelesek nola kanporatu zituzten. 1812.
5.2.-Emigrazioa.
5.3.- Indiano eta bankariak: Uribarren eta Abaroatarrak (Nautika eskola, uren ekarrera, San Jose ikastetxea, Ospitala eta Hospizioa, etab.).
5.4.- Eklektizismoa. Abaroa jauregia.
5.5.- Turismoa.
5.6.- 36ko gerra. Lekeitioko bonbardaketak eta Asterrikako frontea. Kostaldeko ihesaldia.
5.7.- Bizitza familiarra: famili-egitura, kideen rolak eta ardurak etxean eta etxetik kanpo, ogibideak, …
6.- JARDUERA EKONOMIKOAK HISTORIAN ZEHAR
6.1.- Portuaren inguruan.
6.1.1.- Aurrekariak. Beste kokapen batzuk.
6.1.2.- Portuaren bilakaera.
6.1.3.- Untzigintza. Mendieta ontziola.
6.1.4.- Arrantza. Balearen arrantza. Eskudoa.
6.1.5.- Kofradia (Erdi Arotik).
6.1.6.- Lazunarri.
6.1.7.- Nabigazioa. Farolera bisita.
6.1.8.- Kabanak. Aurrekariak. Industria.
6.1.9.- Emakumeen lana: sareginak eta neskatilak.
6.2.- Merkataritza (itsasoz eta lehorrez).
6.2.1.- Bideak eta itsasbideak.
6.2.2.- Isuntza zubia.
6.2.3.- Arraina eta ardoaren bidea.
6.3.- Burdinaren ekoizpena Lea ibarrean.
6.3.1.- Burdinolak. Presak. Errotak.
6.3.2.- Pedro Bernardo Villareal de Berriz.
6.3.3.- Madalenako errenteria.
6.4.- Beste batzuk.
6.4.1.- Txakolingintza. Mingorri.
6.4.2.- Egurraren ekoizpena.
7.- FOLKLOREA ETA OHITURAK
7.1.- Aratusteak. Estudiantina.
7.2.- San Pedroak. Kaxarranka. Emakumeen aurreskua.
7.3.- San Antolinak. Antzar jokua.
7.4.- Marijesiak.
7.5.- Kantutegia.
8.- EUSKERA ETA LITERATURA
8.1.- Lekeitioko euskeraren berezitasunak. Lekittoko berbak.
8.2.- Legendak (aittitta makurra, ...).
8.3.- Juan Antonio Aboitiz.
8.4.- R.M. Azkue.
8.5.- Juan Bautista Eguskitza.
8.6.- Eusebio Erkiaga.
8.7.- Miren Agur Meabe.
8.8.- Karmele Jaio.
9.- GASTRONOMIA
Lapikokuak, zartainekuak eta postriak: Lekittoko errezetak.
Soziedadeak, txalupetxeak,…