Albisteak

 

Legegintzaldi guztietan egin ohi den bezala, aurtengoan ere, Lekeitioko udalak, legegintzaldiko ekintzen laburpena egiten duen aldizkaria argitaratu du. Helburua, lau urtetako gobernu sasoian herritarrei egindakoaren berri ematea da, ondoren herritarrek baloratu dezaten legegintzaldia. Aldizkaria baina, legegintzaldiro argitaratzen bada, aurten lehenengoz, inkestatxo bat bidali zaie aldizkariarekin batera herritarrei. Helburua, herritarrei modu erraz batean legegintzaldia arloz arlo baloratzeko aukera ematea da, baita iruzkinak eta proposamenak egiteko tartea ematea ere.

Etxez etxe zabaldu den aldizkarian, 2011tik 2015era bitartean,udaletxeak egin dituen politika eta ekintzen berri ematen da. Maitane Larrauri Fraileren hitzekin hasten da aldizkaria, “udaletxe hurbilago eta gardenagoa” eta “ proiektu faraonikoetatik urrun, herritarren interesei eta beharrei begiratzeko legegintzaldia egiten saiatu direla dio alkateak.

Segidan urte hauetako balantze ekonomikoa egin eta udaleko gastuak bistara erakusten dira. Legegintzaldian egindako obra nagusien berri eman, zabaldutako berdegune ta espazioen kontu eman, eta arloz arlo hartutako erabakien zerrenda egin da: kultura garapen ekonomiko ulertzea, turismo eredu berriak garatzea, tokiko garapen ekonomikoa indartzeko neurriak, hondakinan murrizteko pausuak, kirol politikak, berdintasun politikak lehen mailan jartzeko erabakiak, hezkuntza eragileekin sortutako elkarlanak, ondarea zaintzeko emandako pausuak, eta euskararen erabilera sustatzeko egindako lana, haur eta gazteengan pentsatutako aisialdi zerbitzua ezartzea, bestelako hiletei duintasun eta babes ofiziala ematea eta naziogintzan zein kulturaniztasunean emandako pausuak azaltzen dira bertan.