Albisteak

 
Euskararen erabilera jaisten dagoela eta, Lekeitioko Udalak, kaleko hizkuntza neurtzeko eskatu dio Soziolinguistika Klusterrari. Honek, 2014ko uda eta udazken bitartean egin du Lekeitioko kaleetan neurketa. Aurretik, 2001ean egin zen neurketan neurtutako elkarrizketen %80 euskaraz ziren, eta 2008an berriz %63, 2014an bataz beste %66koa neurtu da.

Guztira, 3400 elkarrizketa neurtu dira eta datuek erakusten dute Lekeitio gero eta herri erdaldunagoa dela. Oso arrunta da hizkuntza batetik bestera aldatzen ibiltzea hizketaldi batetan, oso kontziente izan gabe erdaraz asko hitz egiten dugula.

Nahiz eta diskurtsoan badagoen euskararenganako sentsibilizazio handia, kaleko hizkuntzaren erabilera aztertuta bi hipotesitara heldu gara: baliteke herritargoaren portzentaje bati, berdin izatea euskaraz edo erdaraz mintzatzea, bi hizkuntzak menperatzen dituelako eta erosotasunez egin ditzakeelako. Hala ere, izan daiteke ere euskaraz bizi nahi duen herritargoa, egoera askotan ez izatea gai taldeko hizkuntza  (lagunartean, lanean zein etxean) euskarara eramateko.

Bi egoera hauek ikusita, udalak bi ekintza plan eramango ditu aurrera: sentsibilizazioan eta ahalduntzean oinarrituta.

1- Sentsibilizazioa: Herritarrak konturatzea gero eta erdara gehiago egiten dugula egunerokotasunean. Horretarako ahalik eta diagnostiko zehatzena zabalduko da ( noiz egiten dugun erdaraz, zelan, zergatik...?
2- Ahalduntzea:  Euskaraz bizi nahi dutenak identifikatu eta, egunerokoan euskaraz bizi  ahal izateko formazioa ematea. Hau da, zer egin genezake lagunartean adibidez euskaraz gehiago egiteko? Ze eredu eman behar dugu hori nahi dugunok? Zelan eragin genezake ingurukoengan modu eroso eta natural baten?

Bide hauek jorratzeko, lau lantalde daude lanean. 

1- Dokumentala eta esketxak egiten dabilen lantaldea
2- Komertzioetan zerbitzua eta hizkuntza paisaia euskalduntzen laguntzeko lantaldea.
3- Lekeitiarreraren kalitatea lantzen dabilen lantaldea.
4- Hizkuntza sentsibilizaziorako tailerrak ematen dabilen lantaldea.