Albisteak

 

Lekeitioko Udalak herriko gazteek erabiltzen dituzten lokalen arautzeari ekingo dio, hauen segurtasun eta gutxiengo osasun baldintzak bermatzeko.

Gazte lokalen fenomenoa begi bistakoa izateaz gain, azken urteotan hauen erabilera goraka doa. Errealitate sozial honek kezka ugari sortzen ditu biztanleriarengan: lokalaren segurtasun baldintzak, substantzia ezberdinen kontsumoa edota jokaera arriskutsuak eman daitezkeelako. Hala ere, Lekeitioko Udalaren ustetan, debekua eta arautegi zorrotzak ezartzea ez da bidea.

Hori horrela, gazteen ahalduntzea, entzute aktiboa eta gardentasuna oinarri izango duen LEKEITIOKO GAZTE LOKALAK izeneko ekimena martxan jarriko du Udalak.

Ekimenak hurrengo helburuak izango ditu:

a) Gazteen eta Lekeitioko Udalaren arteko akordioan oinarritutako gazte lokalen arautegia sortzea: arautze honek ez dakar udal ordenantza zorrotz bat eratzea, PRAKTIKA ONAK kontzeptuan oinarritutako arautegia baizik.

b) Gazteen eta Lekeitioko Udalaren arteko hartu-eman zuzena sortu eta sustatzea, genero ikuspegi aktibo batetik lan eginez.

c) Gazte lokaletan segurtasun baldintza minimo batzuk bermatzea, erabiltzaile eta auzokideen lasaitasunerako.

Ekimen honetan Gizarte Heziketan adituak diren profesionalek ere hartuko dute parte eta Lekeitioko lokaletako gazteekin harremanetan jarriko dira.

Ekimen honi hilabete honetan, urtarrilean emango zaio hasiera eta lau hilabete inguru iraungo duen prozesu parte hartzailea izango da.