Albisteak

 

Asteburu honetan zabalduko ditu ateak Lekeitioko udal aisialdi zerbitzua berriak. 2013-2014 ikasturtean udal aisialdi zerbitzuaren gaineko hausnarketa prozesuari esker, haur eta gazteen nahi eta beharrizanen arabera antolatutako aisialdi zerbitzua eskeini nahi da. Aisialdi Zerbitzua haur eta gazteen topagunea izan behar da, heldutasunera iristeko prozesuan, autonomia lortzen eta aisialdiaz modu partehartzaile, sortzaile eta aktiboan gozatzeko lekua.

Udalak, aurreko ikasturtean partehartze prozesu batetik, aisialdi zerbitzua nondik norakoak zehaztu eta uda hasieran, esleipen publikoa 90.000€tan zehaztu zuen. Aisialdi elkarte ezberdinak udalarekin harremanetan jarri ziren, zehaztapen eske. Aisialdi elkarte bakarra, Karkabia, egokitu zen udalak jarritako baldintza ekonomiko eta hezitzaileetara. Talde honek, oinarrietan zehaztutako baldintzak betetzeaz gain, zerbitzuaren kostua 74.380€tara jeitsi du, 2012koarekin alderatuz ia kostuen erdia aurreztuko da (144.495,09€ 2012an).

Zerbitzua barikuan, urriaren 3an hasiko bada ere, aurkezpen jaialdia urriaren 4ean egingo dugu. Zerbitzua kudeatuko duen aisialdi taldeak txokolate jana eta jolasak antolatu ditu. 19:00etan, Eskolapeko Limoneroetan, herriko aisialdi zerbitzuari hasiera eman eta zerbitzua kudeatuko duen lantaldea ezagutzera emango dute.

2014-2015 ikasturtean beraz ondorengo udal aisialdi zerbitzua izango dugu:

  1. 3-5 urte bitartekoentzat. Kultur Etxean. Ostiral eta larunbat arratsaldetan. 17:00-20:00etara.
  2. 6-11 urte bitartekoentzat. Gazte Guneko lehen solairuan. Ostiral, larunbat eta igande arratsaldetan. 17:00-20:00etara.
  3. 11 urtetik gorakoentzat . Gaztegunean. Ostiral eta  larunbatetan 18:00-23:00 eta igande arratsaldetan 18:00-20:00etara.
  4. UZTAILEKO UDALEKO IREKIAK: Goizeko 10:00-13:00etara.

Karkabia aisialdi taldeak gainera, zerbitzua hobekuntzeko hainbat egitasmo proposatu ditu:

  1. GAZTE INFORMAZIO SAREA PROIEKTUA: 2013-2014an aisialdiaren instalakuntza eta zerbitzuen inguruan emandako hausnarketa kontuan izanda, gazte bulegoa espazio fisiko moduan eraginkorra ez dela ikusi da. Gazteak etortzera itxaron baino, sarera egin behar da salto, bertan baitaude gazteak. “Gazte informazioa sarean” proiektuak lana, formakuntza, bekak edota aisialdiari buruzko informazioa zabalduko du sarean.
  2. HILEROKO GAZTE EKINTZAK: Joan den ikasturtean arrakastatsuak izan ziren gazte ekintzak errepikatzea eta jarraipena ematea proposatzen da. Pasadan ikasturtean 50-60 gaztek hartzen zuten parte gazte ekintzetan, kuadrila eta sexu ezberdinetako jendea nahasten zelarik. Horrela ba, asteburutan arrazoi ezberdinengatik gazte gunera hurbiltzen ez den gazteengana heltzeko, Gazte gunetik kanpo egiten diren ekintzak lirateke. Ekintzen antolaketan gazteen inplikazioa bilatuko da.
  3. UDALEKU IBILTARIA: 12 urtetik gorakoentzako udaleku ibiltaria izango da. 2009tik Karkabiak bere kabuz antolatzen dituenak. Gazteek beraiek erabakitzen dute ibilbidea, egitaraua, lo egiteko tokiak etab. Ahalduntzea eta autonomia garatzen laguntzen ditu udalekuek.
  4. HERRIKO HAUR ETA GAZTEENTZAT URTEAN BI IRTEERA: 2014an ateratako beste ondorio nagusietako bat, herriko ikastetxeetako haur eta gazteen aisialdi komun gutxi dagoela izan zen. Horri erantzunez, urtean bi irteera egingo dira herritar, guraso, haur eta gazteak batuko dituena: Olentzeroren etxea ikusten joatea eta Txuriurdinera patinatzen joatea proposatzen da printzipioz.
  5. LOKALEN ARTEKO SAREA: Aurreko ikasturteko hausnarketan, 15 lokal inguru identifikatu ziren. Lokaletan herriko nerabe gehienak batzen dira, bere espazio propioa izatearen beharrizanak eramaten die bertara. Tamalez, kuadrilen eta lokalen arteko harremanak urritzen ditu. Harremanak sustatzeko, lokalen arteko sare bat antolatzea proposatzen da. Beraiek erabakitzen duten maiztasunaz, lokal bakoitzak, gainerako gazteei ekintza bat antolatzea beraien lokaletan. Zentzu honetan, gazteek ekintza bat antolatzeko konpromisua hartzeaz gain, bere lokaleko ateak zabaltzea lortuko litzateke, elkar-ezagutza bultzatuz.

 
Eredu berria

Aisialdi zerbitzua beti ere eremu hezitzaile moduan ulertzen du udalak, non protagonistak haur eta gazteak izango diren. Aisialdi zerbitzuaren helburuak izango dira, ekintzak egiteko duten autonomia errespetatzea eta sustatzea, eta gaitasun pertsonalak deskubritzen eta bideratzen laguntzea. Aisialdi zerbitzuak gainera, aniztasuna irizpide moduan, perfil ezberdinetako gazte guztiei parte hartzeko aukera eman nahi die eta jendartearen integrazioa bideratzeko baliagarri izatea du jomuga. Gainera aisia eskaintzak balore positiboak sustatu nahi ditu Lekeitioko haur eta gazteengan: elkarbizitza, lankidetza, elkartasuna, konpromisoa, erantzukizuna, ardura, autonomia, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna ahalbidetzea eta bermatzea, aniztasuna, tolerantzia e.a. Aisialdi zerbitzuen helburu garrantzitsu bat haur eta gazteen arteko harremanak eta ezagutza bultzatzea da, beraien arteko talde lana bultzatuz. Gainera haur eta gazteen iritziak kontuan hartu eta beraien parte hartzea sustatu nahi dira hasiera hasieratik. Bide batez, gurasoen parte hartzea ere sustatu nahi du zerbitzu berriak, ekintzetan parte hartuz edota antolatuz. Euskara ardatz izango du aisialdi zerbitzuak eta euskal kultura sustatzen duten ekintzak eta programak bultzatuko ditu.